Bizkaiko Foru Aldundiak 2025eko abenduaren 31ko zordun handien zerrenda argitaratu du astearte honetan, eta 348 zergapeko ageri dira bertan, Foru Ogasunari 921,3 millioi euro zor dizkiotenak. 600.000 eurotik gorako zerga zorra duten pertsonak daude zerrenda horretan, eta, zordun nagusiaz gain, 31 erantzule solidario ere agertzen dira.
Bizkaiko Foru Ogasunak jakinarazi duenez, Iruzurraren aurkako Planean jasotako jarduketa bat da zerrenda argitaratzea, iruzur fiskala prebenitzeko eta herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzeko.
Neurria foru arau batek arautzen du, eta zerga sistemaren eraginkortasuna indartzeko beharraren eta intimitaterako eskubidearen babesaren arteko oreka mantentzen du; beraz, zerrenda hiru hilabetez baino ezin izango da eskuratu.
Horregatik, bitarteko elektronikoen bidez argitaratzen da, eta, beraz, ezinezkoa da edukia Interneteko bilaketa tresnen bidez indexatzea. Hurrengo esteka honetan kontsultatu daiteke zerrenda: https://www.bizkaia.eus/eu/zordunen-zerrenda
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak migrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak udal mailan garatzeko diru laguntzen 2026ko deialdia onartu du astearte honetan. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak sustatu ditu laguntzak, eta 1.330.000 euroko zuzkidura izango dute guztira.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadiko tokiko erakunde, erakunde autonomo eta merkataritza sozietateei zuzenduta dago deialdia, migrazioaren, kulturarteko bizikidetzaren eta etorkinen harrera sustatzearen arloko programak eta jarduerak garatzen laguntzeko.
Aurtengo berrikuntza nagusia erakunde onuradun bakoitzak eska dezakeen gehieneko zenbatekoa handitzea da: 2026an, eskaera bakoitza 50.000 eurora iritsi ahal izango da gehienez, aurreko deialdian ezarritako 40.000 euroen aldean. Era berean, aurrekontu globala 1,33 milioi eurora igo da, "eta horrek esan nahi du tokiko erakundeek harrera, integrazio eta bizikidetza politika publikoak bultzatzeko duten gaitasuna indartzen dela".
Laguntzei esker finantzatu ahal izango dira herritarren eskubide eta betebeharrei lotutako jarduerak egitea eta gauzatzea, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea, aniztasuna aitortzea, truke eta elkarreragin positiboko guneak sortzea, etorkinak gizarteratzea eta harrera eta bizikidetza planak egitea.