Bizkaia

Bilboko Udala Silver Economy Forum topaketan egongo da aste honetan, Manchesterren

Silver Economy Forum 2025 foroak XXI. mendeko bizitza, lana eta komunitateak zahartzen ari den biztanleriaren beharretara egokitzeko hiri adiskidetsueen rol eraldatzaileari erreparatuko dio
Bilboko Udala Silver Economy Forum topaketan egongo da aste honetan, Manchesterren / B.U.

Bilboko Udalak Silver Economy Forum 2025 topaketan parte hartuko du aste honetan, Manchesterren (Ingalaterra), nazioarteko 250 liderrekin batera, adinekoekin adiskidetsuak diren hirien erronkak eta helburuak aztertzeko.

Bilboko ordezkaritzaren buru Juan Mari Aburto alkatea izango da, eta beraren batera egongo dira Eider Inunziaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia eta Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia.

Silver Economy Forum 2025 foroak XXI. mendeko bizitza, lana eta komunitateak zahartzen ari den biztanleriaren beharretara egokitzeko hiri adiskidetsueen rol eraldatzaileari erreparatuko dio. Aldi berean, nabarmenduko du hiri horiek politika publikoak bultza ditzaketela, zahartze osasuntsua susta dezaketela eta zilarrezko ekonomia globalaren hazkundea bizkor dezaketela.

Bilboko Udalaren arabera, "hiriek funtsezko rola betetzen dute azpiegitura inklusiboak sortzeko, ingurune irisgarri eta osasungarriak sustatzeko eta zahartzearen ekonomiari lotutako enpresak erakartzeko".

"Adinekoekin adiskidetsua den garapen bat hautatzen bada hirirako, hautu horrek aukera ekonomikoak sortuko ditu, adinagatiko diskriminazioa murriztuko du, osasun publikoa hobetuko du eta herritar guztien talentua aprobetxatuko du", azaldu du.

Bada, NBEren Zahartze Osasungarriaren Hamarkadaren erdira helduta, Manchesterreko topaketak sektore publikoko eta pribatuko nazioarteko 250 lider bilduko ditu, komunitate jasangarriei eta belaunaldiartekoei forma ematen dieten estrategiak, politikak eta berrikuntzak partekatzeko. Programan saio esklusiboak egingo dira, Manchesterreko proiektu enblematikoak bisitatuko dira eta adinekoekin lagunkoiak diren hirien nazioarteko ordezkaritza batek parte hartuko du.

12/11/2025