Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak manifestazioa deitu du Palestinari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa igande honetan izango da, 12.00etatik aurrera. Manifestazioa Zubimusu plazatik abiatuko da, herriko kaleak zeharkatu, eta Erauskin plazan amaituko da.
Antolatzaileen hitzetan, “egoera oso oso larria da; horregatik, kaleak hartu eta Beasain Palestinarekin dagoela erakutsi behar dugu”. Horretaz gain, igandeko mobilizazioaren testuingurua azpimarratu dute: “igandea da, oporretan gaude, eta badagokigu gure denboraren zati bat hainbesteko txikizioa sufritzen ari direnei eskaintzea eta irmoak izatea”.
Bestalde, deialdia Beasaindik harago zabaldu dute. Beasaindarrak ez ezik, Goierriko herritar guztiak ere manifestaziora gonbidatu dituzte, eta nabarmendu dute “beste aldera begiratzeko beste alderik ez dagoelako, igandean denok Palestinarekin”.