Gipuzkoa

Beñat Ibañez eta Adirane Peñagarikano nagusi UZ Trail lasterketan

12 kilometroko proba Haritz Iturzaetak eta Alluitz de Bilbaok irabazi dute eta 6koa Julen Badiolak eta Udane Barrondok
Proba luzeko podiuma. / N.G.

Igandean UZ Trail mendi lasterketa jokatu zen. 23 kilometroko proba luzean bi herritar nagusitu ziren: Beñat Ibañez zumarragarra eta Adirane Peñagarikano urretxuarra. 12 kilometroko proban Haritz Iturzeta azpeitiarra eta Alluitz de Bilbao kortezubiarra izan ziren irabazleak eta 6 kilometrokoan Julen Badiola bergararra eta Udane Barrondo portugaletetarra.

Proba luzean, gizonezkoetan, podiuma Ibañezek, Jon Betolaza bilbotarrak eta Unai Fernandez eibartarrak osatu zuten. Emakumezkoetan, Peñagarikanorekin batera, Miren Bastida azpeitiarra eta Jone Albisua zarauztarra igo ziren podiumera.

Beste bi herritar podiumetik gertu gelditu ziren, gainera: Imanol Inza eta Ainhoa Unanue. Biak 4. postuan sailkatu ziren. Arkaitz Elorza urretxuarra 11. postuan sailkatu zen, Julio Pastrian zumarragarra 13. postuan eta Egoitz Arrieta legazpiarra 15. postuan.

12 kilometroko probari dagokionez, gizonezkoen podiuma Iturzaetak, Samuel Vega ordiziarrak eta Xabier Urbina oñatiarrak osatu zuten. Martin Sagastibeltza urretxuarra 5. izan zen, Manex Urriza legazpiarra 8., Jose Talavera zumarragarra 9., Aitor Dionisio zumarragarra 13. eta Mikel Salaberria urretxuarra 15.

Emakumezkoen podiuma De Bilbaok, Intza Urrestarazu ordiziarrak eta Nora Anton lazkaotarrak osatu zuten. Miren Agirrezabal zumarragarrak 4. egin zuen, Helena Bilbao ezkiotarrak 5., Marene Etxeberria legazpiarrak 7. eta Jone Ugarte legazpiarrak 14.

Proba motzean, gizonezkoen podiuma Badiolak, Gautegiz-Arteagako Peru Luengok eta Unax Agirre elgetarrak osatu zuten. Amets Aiastui zumarragarra 14. postuan sailkatu zen.

Emakumezkoen podiuma, berriz, Barrondok, Haizea Gerrikabetia gernikarrak eta Nerea Badiola bergararrak osatu zuten. Malen Larrañaga zumarragarra 6. postuan sailkatu zen.

Ibañez eta Peñagarikano oso pozik daude, noski. Ibañezek iaz bigarren egin zuen eta aurten irabaztea lortu du. Borroka latza izan zuen Jon Betolaza bilbotarrarekin. Irimoko igoera eta zazpi puntak elkarrekin egin zituzten. Aldapan behera Ibañezek ihes egin zuen, baina institutu parean bilbotarrak harrapatu egin zuen. Azken bidezidorrean jo zuen garaipena eman zion erasoa. Sei segundoko aldearekin heldu zen helmugara. “Ibilbidea ezagutzeak asko lagundu zidan”, onartu du Zumarragako korrikalariak.

Martxoaren 14an Bedian jokatuko den Euskal Herriko trail txapelketan parte hartuko du. Zegama-Aizkorrin parte har-tzea ere espero du. Iaz parte hartu zuen lehenengoz. Aurtengo bere helburu nagusia erregularra izatea da.

Peñagarikanok herrian irabazteak “ilusio berezia” egiten duela dio. Berak ere Euskal Herriko trail txapelketan parte hartuko du eta ondoren Espaniakoan parte hartuko du. Zegama-Aizkorrin estreinatzeko itxaropena ere badu. “Bihotzez egin nahi dut. Polita da eta inguru horretan entrenatzeko ohitura dut”, esan du korrikalari urretxuarrak.

03/03/2026