Batbatean jaialdiak ordubeteko etenaldia egingo du ostiralean, maiatzaren 16an, 21:00etatik 22:00etara, ikuskizunetako langile teknikariek deitutako grebarekiko elkartasuna adierazteko.
Batbatean jaialdia ostiralean eta larunbatean ospatuko da Gasteizko Mendizabalen, eta hainbat talde bilduko ditu, besteak beste, La Elite, Skabidean, Kaos Etiliko, Los Zopilotes Txirriaos, Brigade Loco, La Txama, Xiberoots, Metrika, Bull Brigade, Gozategi, Roy Ellis, Hofe edota Juantxo Skalari & La Rude Band.
Bada, jaialdiaren antolakuntzatik jakinarazi dutenez, azken egunetan hainbat bilera egin dituzte greba deialdia plazaratu duten eragileekin, eta bertatik bertara entzun dituzte zuzeneko musikaren eta ikuskizunen sektorean gertatzen diren lan prekaritate egoeren inguruko aldarrikapenak eta kezkak.
"Planteatutako eskaera eta aldarrikapen askorekin bat egiten dugun arren, lehen jardunaldia osorik bertan behera uztea logistikoki ezinezkoa zaigu, horrek antolakuntza, teknika eta kontratu mailan izango lituzkeen ondorioengatik", azaldu dute.
Batbatean Euskal Herriko musikaren industriako parte aktiboa diren pertsonek osatutako jaialdia dela gogorarazi dute, eta "gertutik" ezagutzen eta, "kasu askotan pairatzen" dituzteka aisialdiaren eta ikuskizunen sektoreko prekaritate egoera.
Horregatik guztiagatik, "deialdiarekin bat egiteko eta kulturaren atzean dauden langileen errealitatea agerian uzteko beharra" sentitu dutela nabarmendu dute, eta, hori dela eta, kontzertuen etenaldia egingo dute jaialdiaren ostiraleko puntako orduan, 21:00etatik 22:00etara.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete publikoari eta parte hartzaile guztiei ulermenagatik, eta "kultura-eszena bidezkoago eta duinago baten aldeko konpromisoa" berretsi dute. Ahalik eta lasterren emango dute ordutegi berrien berri.