Astigarragako Euskara Mahaiak euskaldunen ahalduntzearen inguruko hitzaldia antolatu du ostegun honetarako, ekainaren 4rako. Saioa Imanol Artola Arretxe Felixek eskainiko du, Euskaldun kontzientziadun bidean izenburupean, eta herritar guztiei zabalik egongo da. Ekitaldia 19.00etan, Astigarragako Kultur Etxe Zaharreko areto nagusian (Nagusia kalea, 48) izango da. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera eta euskararen biziberritzean norbanakoek eta komunitateak duten zereginaren inguruan hausnartzera.
Ekimena duela hilabete batzuk sortutako Euskara Mahaiaren baitan kokatzen da. Ikasturte honetan zehar herriko eragileek hiru bilera egin dituzte foro horren inguruan, eta antolatzaileen arabera, balorazio positiboa jaso du orain arte egindako lanak. Mahaiak herriko eragile ugari biltzen ditu, eta euskararen biziberritzearen inguruan elkarlanean hausnartzeko eta proposamenak partekatzeko gune bilakatu da.
Erronkak
Astigarragako Udalaren esanetan, Euskara Mahaiaren sorrera urrats estrategiko eta beharrezkoa izan da Astigarragarentzat, euskararen erabilera eta sustapena ikuspegi partekatu batetik lantzeko aukera eman duelako.
Orain arte egindako hausnarketetan identifikatutako erronka nagusietako bat euskaldunen ahalduntzea izan da. Euskara Mahaiaren iritziz, ezinbestekoa da euskaldunak indartzea eta hizkuntza erabiltzeko konfiantza eta kontzientzia sendotzea. Kezka eta behar horretatik sortu da ostegunean egingo den hitzaldia.