Donostia – Atzo, Pere Aragonès Generalitateko presidenteak, datozen hilabeteetan, elkarrizketa mahaiaren esparruan, adostutako independen-tzia-erreferendum baten aldeko jarrera erakutsi zuen, eta, are gehiago, ez zuen Konstituzioa erreformatzea baztertu, kontsulta hori ahalbidetzeko bide bakarra hori balitz. Bartzelonako Ser irratiari eskainitako elkarrizketan, Estatuarekin negoziatzeko mahaian eman beharreko hurrengo urratsa zein ote den galdetu zioten Aragonèsi, behin Zigor Kodearen erreformarako akordioak egin ondoren. “Mahaiak gatazka politikoa konpontzeko balio behar du. Lehen fasea oso garrantzitsua zen: Estatuko aparatu jakin batzuen errepresio-gaitasuna murriztea. Orain, sakoneko gaiari heldu behar diogu, Kataluniaren eta Espainiaren arteko harreman politikoari, alegia”, esan zuen.
Azaldu zuenez, independentzia lor-tzea da euren aukera, “Estatuarekin adostutako eta nazioarteko komunitateak onartutako erreferendum baten bidez”. Aragonesen hitzetan, orain arte gai horri buruzko “iritzi trukaketa” baino ez da egon Sanchezen Gobernuarekin, eta “gai horretan sakondu, ez dugu oraindik egin”. Konstituzioa erreformatu gabe erreferenduma egitea posible ikusten ote duen ere galdetu zioten: “Arazoa Konstituzioaren erreforma bada, ez borondate politikoa, heldu diezaiogun”, esan zuen Aragonesek, eta “akordioak lortzea beti defendatu izan duela eta, akordioetatik abiatuta bide juridikoa eraikitzearen aldeko dela” gaineratu zuen.
PUIGDEMONT
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia deklaratzera deitzeko erabakia hartu du Kontuen Auzitegiak, 2017ko prozesu independentistara bideratutako dirua ustez desbideratzeagatik, kontabilitate-prozeduran egingo duen epaiketan. Elena Hernáez Salguero kontseilariak atzo auzitegian egindako aurretiazko entzunaldian onartutako frogetako bat horixe izan zen, Cristóbal Montoro PPko Ogasun ministro ohia deitzeko baimenik onartu ez bazen ere. Puigdemonten defentsaren arduradun Gonzalo Boyek bi lekukotza horiek eskatu zituen, eta Parlamentuan egindako adierazpenak kontuan izanik Montorori entzun beharra ezinbestekotzat jo zuen, abokatuaren esanetan, “Montorok ziurtatu egin zuelako Generalitatearen kontu publikoen egokitasuna”. Kontseilariak uko egin zion ministro ohia dei-tzeari, haren deklarazioa “premiazkoa ez, eta bidegabea” zelakoan, adierazpenak politikoak izan zirelako eta prozedura horretan “gai tekniko hutsa” argitu nahi zela argudiatuz. Puigdemontek deklaratzea bai, onartu zuen, baina ez Boyek eskatuta, beste aldeetako batek eskatuta baizik. Inork ez du zehaztu adierazpen horiek bideokonferentziaz edo aurrez aurre egingo dituen. – Efe