Arabako Pintxoaren Astea hasiko da ostegunean, ekainaren 4an, eta hilaren 14ra arte iraungo du, SEA Ostalaritzak eta Miniature Cooking Experience egitasmoak antolatuta Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, eta 2026ko Arabako Pintxo Txapelketako 12 establezimendu finalistek beren sorkuntzak eskainiko dituzte.
Txapelketaren finalerdia joan den astean izan zen, Mendizorrotzako Ostalaritza Eskolan, eta final handia, berriz, ekainaren 17an izango da, Peña Vitorianan, aurkezpenean iragarri dutenez.
Ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan parte hartu dute Maria Nanclares Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, Felipe Garcia Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zuzendariak, Ruben Gonzalez Miniature Cooking Experience ekimeneko zuzendariak eta Carlos Antolin SEA Ostalaritza-Elkarteko presidenteak.
"Arabako Pintxoaren Astea aukera paregabea da gure gastronomiako profesionalen eskutik miniaturazko sukaldaritzako produktu goxo hauek dastatzeko. Gasteiztarrei eta aste hauetan bisitan datozenei zuzendutako ekitaldia da", adierazi du Maria Nanclaresek.
Bestalde, Felipe Garciak ziurtatu duenez, "ekimenak helmuga gastronomiko gisa indartzen gaitu eta gure ostalaritza sektorean jarduera sortzen du". Gainera, 12 pintxo finalisten kalitatea eta barietatea nabarmendu ditu: "Mokadu oso desberdinez gozatu ahal izango dugu, baina denek dute ezaugarri komuna: kalitatezko lehengaiak dituzte, eta maitasun handiarekin eginda daude".
Ondoren, antolatzaileek 2026ko Arabako Pintxoaren Astearen xehetasunak eman dituzte. Beren proposamenak publikoari eskainiko dizkioten ostalaritza lokalak honako hauek izango dira: Asador Sagartoki erretegia ('San Pru' pintxoarekin), Café ÉJazz ('Bocado de Sirena' pintxoarekin), Cómeme ('Piparratun' pintxoarekin) eta Dolar Coreses ('Volcán del Norte' pintxoarekin).
Gainera, ekitaldi gastronomiko honekin gozatzen jarraitu nahi dutenek honako pintxo hauek ere aukeran izango dituzte: Manolenta Restaurante jatetxeko 'Oido Co-china', Restaurante Antojo jatetxeko 'Komarka', Restaurante Mexicano y mucho más jatetxearen 'Mar y médula' eta Restaurante El Tabanko jatetxearen 'La reina negra de Álava y sus vasallos'. Menua osatzeko, Restaurante Muskari jatetxeak 'Lambarda' eta Restaurante RG jatetxeak 'Un guisito redondo' eskainiko dituzte.
Pintxo guztien prezioa 3,5na eurokoa izango da. Publikoak gustukoen duenaren aldeko botoa eman ahal izango du, eta boto gehien jasotzen dituenak Sari Herrikoia jasoko du. Epaimahai profesionalak aukeratutako proposamen irabazleak, aldiz, Espainiako Pintxoen Txapelketan lehiatuko du.