Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen II. Mapak, elaborazioaren azken fasean dagoenak, udal- zein foru-eskumeneko zerbitzuen eta prestazioen eskaria handitzea aurreikusten du, eta, horretarako, gastu arrunta 94 milioi euro handitu beharko da 2030. urtean. Hala, 2023ko gastu arrunteko 269 milioi euroetatik –azterlanaren erreferentzia-urtea– lau urte barru 363 milioiak gainditzera pasatzea planteatzen du.
Arabako Foru Aldundian izandako bilera batean, Gizarte Politiken Sailak dokumentu horren aurrerapen bat partekatu du gaur lurraldeko udalekin. Aurrerapen hori funtsezkoa izango da lehentasunak zehazteko eta baliabideak, zerbitzuak eta prestazioak Arabako gizartearen beharretara egokitzen jarraitzeko.
Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen II. Mapa Gizarte Zerbitzuen EAEko Sistemaren lurralde plangintzako tresna da lurraldearen eremuan 2030era arte.
Horretarako, zerbitzu eta prestazio nagusien aurreikusitako bilakaera definitzen du, bai eta horien lurralde banaketa ere, honako hauek kontuan hartuta: plangintza autonomikoaren orientabideak, zerbitzuen eskariaren azkenaldiko bilakaera eta aurreikuspen demografikoak eta sozialak, eta gizarte zerbitzuen sarearen egungo egoera lurralde historikoan.
Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eskerrak eman dizkie Arabako udalerriei gizarte zerbitzuen hurrengo urteetarako ibilbide orria definitzeko prozesuan parte hartzeagatik, inplikazioagatik eta ekarpenengatik.
Gorka Urtaranek azpimarratu du lan horrek garrantzi berezia hartzen duela hurbileko denbora testuinguru batean; izan ere, 2030eko horizontea “ate-atean dago”, eta, horregatik, erakundeak aspaldi hasi ziren plangintza estrategiko horretan lanean.
Gaitasun ekonomikoa
Bileran, Gizarte Zerbitzuen II. Mapa finantzatzeko planari buruzko “hausnarketa partekatu bat” proposatu die udalei, eragindako erakunde bakoitzaren “gaitasun ekonomikoa” kontuan hartuta.
Foru diputatuak azaldu duenez, prozesuak barne hartu ditu aurretiko diagnostikoa eta parte hartze prozesu zabala lurraldeko udalerriekin, elementu horiek beharrezkoak baitira txosten eta lan dokumentu sendoak egiteko.
Hemendik aurrera, udalek dokumentua baliozkotzeko epe bat irekiko da, Gizarte Zerbitzuen II. Mapak batera landutako gai nagusiak jasotzen dituela baieztatzeko helburuarekin.