Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Zaharberrikuntza Zerbitzuak 'Ondarearen Astearteak' izeneko hitzaldi zikloaren laugarren edizioa antolatu du, eta kultur ondarea aztertzearekin, kontserbazioarekin eta zaharberrikuntzarekin lotutako hainbat eremuri erreparatuko die mintzaldiek, urriaren 27tik abenduaren 1era, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, 'Bere ikerketari eta kontserbazioari begirada bat' lelopean, programak diziplina desberdinetako profesionalak eta adituak bilduko ditu sei asteartetan, Arabako kultur ondareko pieza, lan eta adierazpenen inguruan dituzten ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Saioak 19:00etan hasiko dira eta sarrera irekia izango da.
Zikloa urriaren 27an hasiko da, Ane Albisu Iriarteren 'Trajes y modos de vestir en Euskal Herria' hitzaldiarekin. Euskal Herrian eta, zehazki, Araban erabiltzen diren jantziei buruzko ikuspegi zabala emango du, eta jantzion izaera azalduko, XIX., XX. eta XXI. mendeetan bertako jantzien kontzeptuan sakondu ahal izateko.
Azaroaren 3an, Lauren Aliende Hoyak eta Rebeca Fernandez Garciak 'Goya: del taller del grabador a su restauración' hitzaldia eskainiko dute. Bertan, kobrea esperimentazio oihal bihurtzeko prozesua jorratuko da, grabatu akademiko zurrunarekin hautsita. Goyaren '4 estanpa' serieetan egindako zaharberritze eta kontserbazio lana eta metodologia ezagutuko da, zeinak gaur egun 'Goya. Fantasia eta arrazoia' erakusketan ikusi baititezke, Arabako Arte Ederren Museoan.
Hirugarren saioan, azaroaren 10ean, Moskatorren sagrario errenazentista aparta berreskuratzearen historia kontatuko da, zeina oso kontserbazio egoera delikatuan baitzegoen eta desagertzear egon baita, 'Anatomia de un rescate: el sagrario renacentista de Moscador' hitzaldian, Aintzane Erkizia Martikorena eta Carolina Garcia Maudesen eskutik.
VALDEREJO
Azaroaren 17an, Joseba Carreras de Bergaretxe, Azucena Prior Santamaria eta Eneko Tuduri Zubillaga 'Naturaleza, arte y restauración: tres miradas sobre la pintura mural de Ribera de Valderejo' hitzaldia emango dute. Natur ondarearen eta arte ondarearen arteko harremanean jarriko dute arreta, Arabako enklabe horretako horma pinturetan egindako esku hartzearen bidez.
Programazioak azaroaren 24an jarraituko du 'Las comunidades como portadoras activas en la salvaguardia del patrimonio cultural inmaterial' hitzaldiarekin, Maria Pia Timon Tiembloren eskutik. Komunitate eramaileen garrantziaz hitz egingo du, ez bakarrik kultura ondare immateriala definitzen duten ezaugarri bakoitzarekin duten inbrikatzeagatik, baita haiek transmititu eta mantentzen dituztelako ere.
Zikloa abenduaren 1ean amaituko da, Azucena Prior Santamariaren eta Enrique Martinez Goikoetxearen 'Un pedazo de cielo cristalizado. Restaurar y conservar una instalación de arte contemporáneo', hitzaldiarekin. Arte garaikideko lanen kontserbazioak planteatzen dituen erronkez ariko dira.