Arabako Foru Aldundiak duela gutxi bukatu ditu leheneratze ekologikoko lanak Zadorraren arro hidrografikoan, zehazki Landa inguruan. Inguru horretan, 4 hektarea baino gehiago birlandatu dira, bertako 7.912 espezie landatuz, hala nola haritzak, lizarrak eta astigarrak.
Belar sastrakak kendu dira, lurra prestatu da atzerako hondeamakinaz zulatuz, eta amaitzeko eskuz landatu dira zuhaitzak. Baso masaren garapena ziurtatzeko, ale bakoitzari karraskarien aurkako banakako babesak jarri zaizkio, akazia zurezko zurkaitzak eta jutezko mantak belar lehia kontrolatzeko.
Halaber, itxitura perimetral bat jarri da, alanbre arantzaduna duena, leheneratutako eremua babesteko; hala, karbono hustubide bat finkatzea lortu da, eta horrek konektibitate ekologikoa eta arroko lurzoruen egonkortasuna sendotu ditu.
Esku hartzearen inbertsioa 84.402,23 eurokoa da (BEZa barne), eta Life Urban Klima proiektuaren barruan dago, hain zuzen ere 'C.5.1. Azpiegitura berdea'.Naturan oinarritutako soluzioak ibai arroetan ekintzaren barruan, proiektuak hainbat jarduera garatzen ditu, ekintzen bidez klima aldaketa arintzen eta hartara egokitzen laguntzeko.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri ditu jada Euskal Osasun Itunean adostutako 332 ekimenen erdiak baino gehiago, eragile parte hartzaile guztiek zehaztutako 24 ildo estrategikoak onartu eta horiek hedatzeko eta gizarteratzeko egungo fasea hasi zenetik sei hilabete eskas igaro direnean.
Aurrerapen horiek berresten dute ildo estrategiko guztiak hasita daudela eta Ituna ez dela itxiera-data duen dokumentu bat, baizik eta Euskadiko osasun- sistemaren eta herritarren premiei hobeto erantzutera begira eboluzionatzen eta egokitzen den akordio bizia. Hala jakinarazi du Alberto Martinez Osasuneko sailburuak Ituna onartu ondorengo lehen seihilekoaren balantzea egiteko Bilbon hedabideekin egindako lan-gosari batean.
Sailburuak zehaztu duenez, ekainean adostutako 332 ekimenetatik, 171 uztaila eta abendua bitartean hasi dira, beste 42 tarteko garapen fasean daude, eta 22 aurreratuta. Ikuspegi kualitatibotik, honako ildo estrategiko hauek izan dute aldi honetan aurrerabiderik handiena: onkologiak, gaixotasun kardiobaskularrei heltzeak, kronikotasunak, osasunaren digitalizazioak, pertsonen politikak eta osasun-azpiegiturek.