Araba

Arabako Foru Aldundiak % 7,71 igoko du Kultura eta Kirol Sailaren 2027rako aurrekontua, 21,67 milioi euro arte

Sailaren baliabideak 6,5 milioi euro baino gehiago handitu dira zortzi urtean, eta indartu egin da tokiko kulturaren babesa, ondarearen kontserbazioa eta kirola lurralde osoan
Informazio horretatik kanpoko irudia. / Stuart MacDonald

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak 21,67 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2027an, hau da, aurreko ekitaldian baino % 7,71 gehiago. Egungo legegintzaldiko laugarren aurrekontua da, eta kultura eta kirol arloetara bideratutako baliabideen goranzko bilakaera finkatzen du. Zortzi urtean, aurrekontua 15,1 milioi eurotik 21,67 milioi eurora igo da, hau da, 6,5 milioi baino gehiago.

2027ko kontuek honako lehentasun hauek dituzte: Arabako kultura eragileei laguntzea, kultura eta museo proiektu berriak bultzatzea, ondarea kontserbatzea eta zabaltzea, eta lurralde osoan kirol jarduera indartzea.

KULTURA

Kultura arloak 12,4 milioi euro baino gehixeago izango ditu, hau da, 2026ko urtean baino 1,5 milioi gehiago.

Aurrekontuak 2023-2028 aldirako Kulturaren Plan Estrategikoaren garapenari eusten dio, eta bederatzi ildo estrategiko eta 165 jarduketa jasotzen ditu. Planaren partida espezifikoek ez dituzte adierazten hura garatzera bideratutako baliabide guztiak; izan ere, zeharkako estrategia bat da, eta Saileko zerbitzuen programen bidez gauzatzen da.

Jarraipen datuek erakusten dutenez, jarduketen % 77,58 abian daude, Arabako udalerrien % 96ra iritsi da, eta 167.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute lehenengo urtean egindako jardueretan.

Kultura Ekintzaren arloan, tokiko kulturari eta lurraldeko kultura eragileei ematen zaien laguntza indartuko da bereziki, 2,5 milioi euro ingururekin. 260.000 euro erabiliko dira kultura sortu eta zabaltzeko proiektuetarako; horietatik, 155.000 euro elkarteei dagozkie eta 105.000 enpresei. Lerro horrek gora egin du 2022arekin alderatuta, orduan 232.000 eurokoa baitzen. Udalek eta kuadrillek 90.000 euroko zuzkidura mantentzen dute euren kultur ekimen propioak garatzeko.

SAREA sarearen parte diren Amurrio, Agurain, Dulantzi, Zigoitia eta Urkabustaizko antzokiek 2026an izan zuten 28.000 euroko igoera ere finkatzen da. Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdiak babesa jasotzen jarraituko du, 30.000 eurorekin.

EKO - Zirku Pirinioak proiekturako partida 25.000 eurotik 5.000 eurora igaro da, POCTEFA funtsen bidez finantzatutako mugaz gaindiko lankidetzarako Europako proiektuaren azken fasean baitago. Ekimen horri esker, hainbat jarduera garatu ahal izan dira, eta Europako finantzaketa lortu da lurralderako. Zehazki, 2026an diru sarrera 30.000 euro ingurukoa izan da, eta 2027an 15.000 euro jasotzea aurreikusita dago.

Era berean, prestakuntzarako eta arte sorkuntzarako bekei eutsiko zaie, 30.000 eurorekin. Beka horietan 2025ean egindako 10.000 euroko igoera jasotzen da eta aukera ematen dute arte eszeniko, musikal eta plastikoetako banakako prestakuntza prozesuak laguntzeko.

Hazi Araba programak, estimulazio artistiko goiztiarrari buruzkoak, foru aldundiaren babesa izaten jarraituko du. Halaber, 175.000 euro bideratuko dira Arabako Jaietako ekitaldi programara, eta 3.500 euro jaietako kartelaren lehiaketara. Partida hori hirukoiztu egin da azken urteotan.

Nabarmentzekoa da, halaber, Arte eta Lanbide Eskolarekiko lankidetza, haren finantzaketa 75.000 euro hazi baita azken bi urteetan. Lerro horiei 140.000 euro gehituko zaizkie kultura ekintza eta sorkuntza sustatzeko, eta 200.000 euro kultura hedapen eta zabalkunderako.

Aldundiak, halaber, lurraldeko kultura proiektuak babesten jarraituko du, hainbat babes lerroren bidez hala nola Larrua proiektua, 20.000 eurorekin dantza garaikidea babesteko; BatBatean jaialdia, 30.000 eurorekin Mendizabalean bigarren edizioa egiteko eta tokiko eta euskarazko musika hedatzen jarraitzeko; eta Korterraza, 20.000 euro jasoko dituena Araban eta Vitoria-Gasteizen programazioa garatzeko.

Era berean, Musika Bulegoarekin lankidetzan arituko da, Musika-Pro profesionalen topaketa antolatzeko eta 2027an Vitoria-Gasteizen egingo diren Musika Bulegoa Sarien banaketa antolatzeko.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen aurrekontua 394.000 eurokoa izango da. 180.000 euroko zuzkidura finkatu da kultura hedapeneko jardueretarako, 2026an izandako 18.000 euroko igoeraren ondoren.

Literatura sarien produkziora eta kudeaketara bideratutako partiden multzoa 68.000 eurora iritsiko da, euskarazko bekaren bultzada mantenduz eta bere zuzkidura gaztelaniazko sariekin parekatuz.

Gainera, 2027an Ignacio Aldecoa Ipuinen Jaialdiaren laugarren edizioa egingo da. Jaialdiak eragin handia izan du literatura arloan.

26/11/2026