Zibermehatxuak gero eta ohikoagoak diren honetan, Arabako ETEek zibersegurtasuna hobetzeko laguntza eta prestakuntza espezializatua izango dute. Arabako Foru Aldundiak eta Cybasquek abian jarritako programa berriak enpresei arriskuak identifikatzen, babes-neurriak ezartzen eta araudi berrietara egokitzen lagunduko die.
Hala, eta ildo beretik jarraituz, Arabako Foru Aldundiak eta Cybasquek, Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak, akordio bat lortu dute Arabako enpresa-ehunaren zibersegurtasuna hobetzeko prestakuntza- eta laguntza-programa praktiko bat abian jartzeko.
Ekimenari esker, parte hartzen duten enpresek zibersegurtasunaren arloan duten heldutasun-maila ezagutu ahal izango dute, arrisku nagusiak identifikatu ahal izango dituzte eta prestakuntza eta laguntza espezializatua jaso ahal izango dute hobekuntza-neurri zehatzak definitzeko eta aplikatzeko. Programa enpresa txiki eta ertainei zuzenduko zaie lehentasunez, eta arreta berezia eskainiko die lurraldeko industria-sektoreei.
Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza diputatuak positibotzat jo du akordioa, eta Arabako lehiakortasunerako duen garrantzia azpimarratu du. "Zibersegurtasuna ez da gai teknologikoa soilik. Funtsezkoa da jardueraren jarraitutasuna bermatzeko, gure enpresen ezagutza babesteko eta gero eta zorrotzagoak diren merkatuetan bermeekin lehiatzeko. Akordio honekin Arabako enpresek, batez ere enpresa txiki eta ertainek, erronka horiei bakarrik aurre egin behar ez izatea nahi dugu ".
Záratek adierazi duenez, ekimenak Arabako ehun ekonomikoaren ezaugarriei erantzuten die. Izan ere, industria-presentzia handia du, bai eta automobilgintza, fabrikazio aurreratua eta osagai digitalak dituzten produktuen garapena ere. "Arabak industria indartsua, berritzailea eta gero eta konektatuagoa du. Digitalizazio horrek aukera handiak sortzen ditu, baina baita arrisku eta betebehar berriak ere. Gure helburua da enpresei beharrezko ezagutza eta tresnak hurbiltzea, aurrea hartu ahal izateko, haien babesa indartzeko eta zibersegurtasuna lehiakortasunerako faktore bihurtzeko ", gaineratu du.