Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak nekazaritzako ur baliabideak kudeatzeko laguntzen deialdiaren ebazpena onartu du astearte honetan, eta, horren bidez, 718.707 euro eman dizkie lurraldeko 28 ureztatzaile elkarteri. Laguntzei esker, ureztapen sistemak hobetzeko eta modernizatzeko 40 jarduketa egin ahal izango dira, 914.283 euroko diruz lagundu daitekeen aurrekontuarekin.
Hain zuzen, foru erakundeak jakinarazi duenez, jarduketa horiek, batez ere, ureztatze sareak, ponpaketa sistemak, putzuak eta nekazaritzako ustiategietan uraren kudeaketarekin lotutako beste azpiegitura batzuk hobetu eta modernizatzera bideratuko dira. Deialdira 29 ureztatzaile elkarte aurkeztu ziren guztira, 45 inbertsiorekin, eta azkenean 28 elkarteri dagozkien 40 jarduketa diruz lagundu dira.
Laguntza lerroaren helburua da Arabako ureztapen sistemak hobetu eta modernizatzea, azpiegituren kudeaketa eraginkorragoaren eta ureztatzaile elkarteek uraren erabilera hobeto planifikatzearen bidez. Diruz lagundutako jarduketen artean daude bigarren mailako eta sare nagusietako hobekuntzak, ponpaketa sistemetan egindako esku hartzeak eta lurraldeko hainbat lekutako ureztatzaile elkarteek erabiltzen dituzten putzu eta azpiegituretan egindako jarduketak.
Beste gai batzuekin jarraituz, Sancho el Sabio Vital Fundazioak 'Arabari buruz' hitzaldi zikloaren hirugarren edizioari ekingo dio urrian, eta hitzaldiak eskainiko ditu hilean behin datorren urteko maiatzera arte, Arabako historia eta kultura jorratzeko, ikuspuntu ezberdinetatatik. Historia, zinema, arkeologia, artea, filologia nahiz lurraldeko kultur ondarea izango dira protagonista zikloaren aurtengo edizioan.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, zikloa urriaren 8an hasiko da, eta jarraipena izango du hilean ostegun batean, maiatzaren 6an bukatu arte. Zortzi jardunaldi horietan zehar, Sancho el Sabio Vital Fundazioak Betoñun duen egoitzan elkartuko dira "lurralde historikoa sakon aztertu duten aditu onenetako batzuk", beren ikerketen emaitzak publiko orori modu dibulgatzaile eta irekian ezagutarazteko.
Lehenengo hitzorduan, urriaren 8an, Santiago de Pablo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Historia Garaikideko katedradun eta 'Deportivo Alavés: 100 años de historia (1921-2021)' liburuaren egileak 'Deportivo Alaves: bere lurrari lotutako historia' hitzaldia emango du.
Azaroaren 5ean, Sonia Pacios eta Kepa Sojo izango dira 'Araban filmatzen. Jatorritik gure esperientziara' saioan, eta abenduaren 10ean, Jaione Agirre Garciak 'Bibat Arabako Arkeologia Museoa: Hedapena, kudeaketa, ikerketa eta prebentziozko kontserbazioa' hitzaldia eskainiko du.
Justin Kroesen izango da hurrengo saioan, urtarrilaren 14an, 'Flandestar bat Araban: Jan Karel Steppe' izenburupean, eta Diana Pardo 'Zaharberritzea errespetua da: babestu dezagun (oraindik) ikusten ez dugun horma pintura' gaiaz arituko da otsailaren 11n.
Martxoaren 11n, Aintzane Erkiziak 'Alemaniatik Arabara: Martioda eta Bergondako erlikien bidaia Europako sarean zehar' hitzaldia eskainiko du, eta apirilaren 8an, Agustin Azkaratek 'Aldaieta berrikusten 40 urte geroago. Euskal arkeologiaren funtsezko aztarnategietako bati buruzko datu berriak' aurkeztuko ditu.
Azkenik, 'Arabari buruz' hitzaldi zikloa bukatzeko, Blanca Urgellek 'Arabako euskarari buruz jakiteko hamaika kontu (nahiz eta euskaraz ez hitz egin)' izenburuko hitzaldia eskainiko du maiatzaren 6an.