Gipuzkoa

Apirilaren 14an emango zaio hasiera Azkoitian ‘Urola Erdia Ispiluaren Aurrean’ hitzaldi zikloari

Mugikortasunaren, energiaren eta lurralde-antolamenduaren inguruko hausnarketa sustatzea helburu duen ekimenaren hurrengo saioak Zestoan eta Azpeitian izango dira
Energia berriztagarriak izango dira hitzaldi zikloaren ardatzetako bat.

Azkoitiak hartuko du eskualdeko udalek, Iraurgi Berritzen garapen-agentziaren eta Laienen laguntzarekin, antolatutako “Urola Erdia Ispiluaren Aurrean” hitzaldi-zikloaren lehen saioa apirilaren 14an.

Ekimenaren helburua da herritarren artean mugikortasunaren, energiaren eta lurralde-antolamenduaren inguruko hausnarketa sustatzea.

Hitzaldiak eta herri txikien ekarpenak

Hitzaldiak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo badira ere, antolatzaileek nabarmendu dute Beizama, Aizarnazabal eta Errezil bezalako herri txikien ekarpena ere kontuan hartu nahi dutela, eskualde osoari begirako ikuspegi orekatu eta integrala lantzeko.

Saioek askotariko ikuspegiak ezagutzeko eta iritziak trukatzeko aukera eskaini nahi dute.

Gainera, ondoren egingo diren lan-saio parte-hartzaileen abiapuntu izango dira, herritarrek erabaki-prozesuetan protagonismo handiagoa izan dezaten.

Pertsonak, autoak eta istripuak

Apirilaren 14an egingo dute lehen hitzaldia Azkoitian, Elkargunean, 18.30ean, “Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila” izenburupean.

Saio horretan mugikortasunaren eta kaleen erabileraren inguruko eztabaida irekiko dute.

2024ko datuen arabera, 11.992 biztanle eta 7.482 auto zeuden herrian, eta oinezkoentzat lehentasunezko kale bakarra Kale Nagusia da.

Hala ere, azken urteotan bertan gertatu dira oinezkoen harrapaketa-istripuak.

Egoera horren aurrean, autoek duten nagusitasuna zalantzan jarriko dute, eta elkarbizitza-eredu orekatuago baten aukerak aztertuko dituzte.

Hizlariak Ander Gortazar (EHUko hirigintza irakaslea eta RAZ bulegoaren sortzailea), Ibon Rosales (Lasarteko udal-arkitektoa eta udal mugikortasun-politiketan eskarmentua duen profesionala) eta Diego Gomez (geografoa eta INTRAko kidea) izango dira, eta Andoni Elduaienek gidatuko du saioa.

Energia subiranotasuna

Apirilaren 21ean izango da bigarren hitzaldia Zestoan, Kultur Etxean, 18.30ean, “Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz hausnartu dezagun” izenburuarekin.

Urola Erdian industria-sektoreak pisu handia du, eta horrek petrolioaren eratorrien kontsumo handia dakar.

Gainera, motorizazio-indizea altua da, bereziki Zestoan: 2023an, 1.000 biztanleko 877,2 ibilgailu zeuden.

Horren aurrean, deskarbonizazioaren premia azpimarratuko dute, eta energia-subiranotasunaren inguruko galderak landuko dituzte.

Hizlariak Itxaro Latasa (Lurralde-antolamenduan, jasangarritasunarekin lotutako planifikazioan aditua) eta Leire Urkidi Azkarraga (Lurralde ikasketetan eta trantsizio ekosozialean ikertzailea) izango dira, eta Jon Artanok moderatuko du saioa.

Energia ereduak

Azken hitzaldia apirilaren 28an egingo dute Azpeitian, Basazabal jauregian, 18.30ean, “Zer energia-eredu nahi du Azpeitiak?” izenburupean.

Industria handien itxierak isurketak murriztu baditu ere, gaur egun garraioa da emisio-iturririk handiena (%56).

Neutraltasun klimatikoa lortzeko, isurketak %40 eta %45 artean murriztu beharko dira.

Hala ere, gaur egun energia berriztagarriek kontsumoaren %0,69 besterik ez dute estaltzen. Testuinguru horretan, etorkizuneko eredua aztertuko dute.

Hizlariak Markel Peñalba (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Ikerbasque irakaslea, energia berriztagarrien arloko ikertzailea) eta Alazne Arruti (Sorkuntza taldeko ingeniaria Goiener taldean) izango dira, eta Oihana Elduaienek moderatuko du.

Lan-saioak herriz herri

Zikloa amaitzean, herriz herri lan-saio parte-hartzaileak egingo dituzte, egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko.

Ekimenaren bidez, antolatzaileek elkarlana sustatu nahi dute, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea uztartuko dituen ikuspegi partekatua eraikitzeko. Herritarrak parte hartzeko animatzen dute.

05/04/2026