Aniztasuna nabarmentzeko asmoz Ondarroak VI. Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatuko du datorren larunbatean, urriaren 10ean, eta baita urriaren 13an ere, Ekai Lersundi Martinez trans gazte ondarrutarraren omenez eta gogoan. Udalak, Etxelila Emakumeen Topaguneak eta Ondarroako Berdintasun Kontseiluak elkarlanean antolatutako egitarau honek sentsibilizazioa, jai giroa eta hausnarketa transfeminista uztartuko ditu herriko hainbat gunetan.
Larunbat honetako ospakizun nagusiak eguerdiko 12.00etan abiatuko dira Etxelilatik. Bertatik, Euskal Herriko Batukada Feminista Sareak kalejira zalapartatsu eta aldarrikatzailea egingo du herriko kaleetan zehar. Jarraian, 13.00etan, ekitaldi nagusia egingo da Itsasaurren, aniztasunaren aldeko eta transfobiaren aurkako mezua sendotzeko asmoz.
Arratsaldean festak eta ikuskizunak hartuko dute lekukoa Alde Zaharrean. Arratsaldeko 19.00etatik aurrera, ikusleen gozamenerako Drag Showa izango da ikusgai, Albina Stardust eta Divina Comedia artisten eskutik.
Egitaraua ez da zapatuan amaituko. Izan ere, urriaren 13an, asteartearekin, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea zabalduko da Kofradia Zaharrean. Arratsaldeko 18.00etan, Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? liburua aurkeztuko da, Iñi Etxezarreta Toca eta Elene Lopetegi Oleararekin egingo den solasaldiaren bidez.
Antolatzaileek herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deia, genero eta sexu aniztasuna errespetuz eta komunitatean ospatzeko, betiere Ekai Lersundiren kuraia eta oroimena bizirik mantenduz.