Actualizado hace 7 minutos
Algara Dantza Taldeak otsailaren 21ean bukatuko ditu bere 25. urteurrena ospatzeko urtebetez egindako ekitaldiak, Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegian 'Eta oraindik badugu zer dantzatu' ikuskizuna taularatuz. Musikaz eta dantzaz beteriko jaia izango da, eta Algarako kide guztiek hartuko dute parte, 150 lagun inguruk, tartean musikariek eta dantzariek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorea eta Joselu Anayak lagun dituztela, aurkezpenean azaldu dutenez.
Euskal dantzak eta dantza garaikidea trikitixa, txistu, gaita edo albokaren doinuekin bateratzen dituen talde gasteiztarraren estilo berezia islatuko du ikuskizunak, eta Euskal Herria zeharkatuko du, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako dantza, musika eta janzkera tradizionalak erakutsiz.
"Proiektu hau oso polita izan da, baina oso neketsua ere bai. Azkenean, egunero ari gara gauzak egiten, kriston proiektua da eta jende pila bat parte hartuko du. Ez dut esango Gasteiz egon den proiekturik handiena denik, baina bai hunkigarriena", adierazi du Iñigo Manuel Algara Dantza Taldeko presidenteak.
Ikuskizunerako 250 gonbidapen banatuko dira Udal Antzoki Sareko leihatilan (Turismo Bulegoa, Plaza Berria, 1). Ostegun honetatik aurrera egongo dira eskuragarri, 16:00etatik 18:00etara asteartetik ostiralera, eta 11:30etik 13:30era larunbatetan.
ALGARA DANTZA TALDEA
Algara Dantza Taldea 2000. urteko apirilaren 13an jaio zen, Gasteizen, mundu osoan musika, kultura eta euskal dantzak erakutsi nahi zituzten 15 lagunek bultzatuta. Gaur egun, taldearen estiloaren ezaugarri nagusia koreografia garaikideak eta euskal dantzak eta instrumentu tradizionalak uztartzea da.
Ehunka pertsona igaro dira taldetik urteetan zehar, eta gaur egun 120 dantzari eta hamar musikari inguruk osatzen dute. Gasteizen kokatuta egon arren, taldeak Euskal Herri osoan zehar dantzatzen du eta Hungariara, Turkiara eta Ingalaterrara ere iritsi da.
2025ean mende laurdena bete zuen eta ospatzeko hainbat ekimen bultzatu ditu: ikuskizunak, egutegi bat, bideo bat, dantzari txikienentzako euskal jaiak edota 'Algara munduan' ekimena (urteurrenerako sortutako oroimenezko jantziak mundu osoan zehar soinean eramatea du oinarri). Ospakizunez betetako urtea otsailaren 21ean bukatuko da, "etorkizunari begiratuz", amaierako ekitaldirako aukeratutako izenburuak dioen moduan, "oraindik badugulako zer dantzatu".