“Batzokixen Berriketan” ekimenaren baitan, aste honetan solasaldi berezia izango da Azkoitian. Hain zuzen ere, Alberto Martínez Ruiz Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izango da hizlari Azkoitiko batzokian, apirilaren 16an, osteguna, 18:30ean hasita.
Ibilbide profesionala
Osasun arloa eta politika publikoak gertutik ezagutzen ditu Martinezek, ibilbide profesional luzea eta eskarmentu handia baititu sektorean.
Medikuntzan doktorea da, eta 2002. urtetik sailburu izendatu zuten arte Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologia, Bizkortze eta Minaren Terapia zerbitzuko buru izan da.
Horrez gain, hainbat erakundetan ere ardura garrantzitsuak izan ditu, besteak beste, Euskal Herriko eta Errioxako Anestesiologia, Erreanimazio eta Minaren Terapeutika Elkartean eta Bilboko Medikuntza Zientzien Akademian.
Herritarren partaidetza
2024ko ekainean hartu zuen Osasun sailburu kargua, Imanol Pradales lehendakariaren gobernuan.
Ordutik, hainbat erronka nagusiri heldu dio, hala nola itxaron-zerrendak murrizteari eta osasun sistemaren erreforma estrukturalerako oinarriak finkatzeari.
Osteguneko saioan, herritarrek aukera izango dute osasun sistemaren egungo egoeraz, etorkizuneko erronkez eta Jaurlaritzaren politikaz zuzenean entzuteko, baita galderak egin eta iritziak partekatzeko ere.