Bizkaia

Urduñan estereotipoak hausten

Udalak diseinatutako ‘Mugak hautsi’ ekimena herriko eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasgeletan garatzen ari da, 11 eta 12 urte bitarteko ikasleei erreferente hurbilak eta askotarikoak eskainiz
Proiektua Urduñako eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi gelatan garatzen ari da. / Urduñako Udala

Gaur egun oraindik, haur eta gazteen etorkizuneko aukerak hainbat estereotipo eta rol sozialek baldintzatzen dituzte. Txikitatik, neska-mutilek genero arrakala nabarmena antzematen dute lanbideetan; zein ogibide diren “neskentzako” eta zeintzuk “mutilentzako” barneratzen dute, eta horrek eragin zuzena dauka beren ikasketa eta ibilbide profesionalen aukeraketan. Errealitate horri aurre egiteko, Urduñan esku-hartze zehatz bat garatzen ari da ikasgeletan, haurrek aukera desberdinak ezagutu ditzaten eta bizitzan nahi duten bidea askatasunez aukera dezaten.

“ ‘Mugak hausten’ ekimenak aurreiritziak haustea eta ikasleak askotariko ereduekin konektatzea du helburu ”

Ekimen hau ‘Mugak Hausten’ da, Udaleko berdintasun arloak abian jarri duena. Proposamenak helburu argia dauka: aurreiritziak apurtzea eta ikasleak askotariko eredu hurbilekin konektatzea, beren etorkizuna askatasunez irudika dezaten. Azken finean, lanbideen inguruan duten iruditeria zabaltzea bilatzen da, argi utziz ez dagoela neska edo mutilentzat soilik den lanbiderik.

Proiektua Urduñako eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi gelatan garatzen ari da. Adituen arabera, 11 eta 12 urte bitarteko adin-tartea une egokia da gai hau lantzeko: alde batetik, ikasleak hainbat estereotipo barneratzen hasten direlako, eta, bestetik, oraindik garaiz daudelako horiek apurtu eta bestelako aukerak irudikatzeko.

Metodologia

Ekimenak metodologia dinamiko eta parte-hartzailea dauka, haurrek esperientziaren bidez ikas dezaten. Horretarako, metodologia ludikoak, elkarrizketa zuzenak eta bisita praktikoak uztartzen ditu hiru bloketan.

“ Martxan dagoen ekimen hau dinamikoa eta parte-hartzailea da, haurrek esperientziaren bidez ikas dezaten ”

Lehenengo blokean, eskolan bertan egiten diren saio dinamikoak garatzen dira; zehazki, bi orduko bi saio gela bakoitzeko. Jokoen eta talde-dinamiken bidez, «lanbideek ez dute generorik» ideia lantzen da. Hasteko, aurreiritziak identifikatzeko, «lanbideak marrazten» jarduera egiten da, ikasleek zer lanbide lotzen dituzten neska eta mutilekin agerian uzteko. Ondoren, rol-trukeak, sormen-ariketak eta elkarrizketa gidatuak erabiltzen dira estereotipoak apurtzeko. Ikasleen hausnarketak bildu eta taldean eztabaidatzen dira.

Bigarren blokeak benetako erreferenteak eramaten ditu ikasgelara. Herrikoak edo eskualdekoak diren bizpahiru profesional gonbidatzen dira eskolara, generoarekin lotutako ohiko estereotipoetatik kanpoko arloetan lan egiten dutenak; esaterako, zaintzan diharduen gizon bat edo tren-makina gidatzen duen emakume bat. Solasaldi ireki baten bidez, beren esperientziak partekatzen dituzte: zergatik aukeratzen duten lanbide hori, zer aurreiritziri egin behar dieten aurre eta nola bizi duten egunerokoa.

Hirugarren blokean, inguruko lantegi edo fabrika batera bisita egiten da. Bisita emakumeek gidatzen dute, beren esperientziak partekatuz, eta gaztetxoek zuzenean ikusten dituzte emakumeak hainbat lanpostutan: operari, teknikari zein erabakiak hartzeko ardura duten postuetan. Irteera hori eskolan egiten den ondorengo hausnarketa-saio batekin osatzen da.

Ebaluazio-saio bat ere egiten da ikasleekin eta irakasleekin. Dinamika laburren bidez, ikasleek zer ikasten duten eta zein ideiarekin geratzen diren jasotzen da; era berean, irakasleen iritzia biltzen da ekimena hobetzen jarraitzeko.

Beraz, Azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Urduñako Udalak, ‘Mugak Hausten’ ekimenarekin belaunaldi berriak berdintasunean hezi eta gizarte bidezkoagoa sustatu nahi du.

25/11/2026