Araba

‘Oporrak bakean' programak Arabako familiak mobilizatu nahi ditu

Programak 40 adingaberi arnasaldi eman nahi die uztailean eta abuztuan
Kartelaren irudia. / Utzitakoa

 Oporrak bakean programak Arabako familiak mobilizatu nahi ditu, datorren udan Tindufeko (Aljeria) sahararren kanpamentuetatik datozen haurrak etxean har ditzaten. Programak 40 adingaberi arnasaldi eman nahi die uztailean eta abuztuan.

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis) eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak gaur goizean Arabako familiei dei egin diete datorren udan haur kopuru hori etxean hartu ahal izateko. 

Aurten, familia berriak behar dira truke horretaz gozatzeko prest. Oraingoz, Arabako 21 familia harreragilek esperientzia errepikatuko dute, eta elkartasuna adierazi nahi duten beste 19ren bila ari da aldi baterako errefuxiatu sahararren kanpamentuetatik etorritako haur bat hartzeko.

Hala azaldu dute gaur goizean prentsaurrekoan Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, José Luis Pérez Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapen Lankidetzarako zuzendariak, Estíbaliz Barrio Afaniseko presidenteordeak eta Mohamed Ehnini Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariondokoak. 

Aurkezpenean, aurten 50 urtez gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik leloa duen kanpainari buruzko datuak eman dira. Oraingo honetan, familiak erakartzeko kanpaina bi hilabete aurreratu da, Espainiako Gobernuak ‘Oporrak bakean’ programaren baitan adingabe sahararren presentzia baimentzeko onetsitako prozedura dela-eta.

1975. urteaz geroztik gabezia handiko egoeran eta erbesteraturik bizitzera beharturik, haur horiek saharar iheslarien kanpamentuetan bizi dira urte osoan Saharako basamortuko Aljeriako Hamada deritzon aldean, bizitzeko lekurik babesgabeetako batean. Programaren helburua da arnasaldi bat ematea, Saharako basamortutik atera ahal izan daitezen udako hilabeteetan, 55 gradu arteko tenperaturak jasan behar izaten baitituzte orduan. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzultzeko eta urtearen gainerako aldiari indar handiagoarekin aurre egin ahal izateko.

20/12/2025