Gaur goizean aurkeztu da MusikagazFest jaialdiaren laugarren edizioa; hots, Zornotzan urtarrilaren 31n egingo den musika-topaketa zabala.
Aurkezpenean parte hartu dute Ainhoa Salterain alkateak, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko ordezkariak, Ruth Manzano Musika Bulegoko kideak eta DJ Rednalek. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua argia da: euskal musika sortzaile gazteen lana bultzatzea, euren proiektuak entzuleengana gerturatzea eta herrian aisialdi kultural kalitatezkoa eskaintzea.
Salterain alkateak nabarmendu du jaialdiaren ikuspegia kolektiboa dela: “Jaialdi honek gure gazteei musika sortzeko, partekatzeko eta euskaraz adierazteko espazio bat eskaintzen die, herriko kaleak sormenaren eta kulturaren topaleku bihurtuz”. Gaztelurrutiak gogorarazi du parte hartuko duten zenbait talde Durangoko Azokako DA! PRO topaketan hautatu zirela, “azokaren eragina herrietako kultur garapenera eramateko” helburuarekin. Manzanok, bere aldetik, sortzaileen ikusgarritasunean eta profesionalizazioan ekimen honek duen eragina azpimarratu du.
Egitaraua eta nobedadeak
Egitaraua 13.30ean abiatuko da Arraibi plazan Silitia taldearekin, eta kontzertuak herriko gune ezberdinetan banatuko dira egun osoan: Andra Mari plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta Kontzertu Gela, Vintage taberna eta Amorebieta IV frontoia. Parte-hartzaileen artean Sueder, Hondora, Etxepe, Uxue Kerejeta eta DJ Rednal izango dira, besteak beste. Azken emanaldia Jonkass DJak eskainiko du 23.30ean. Sarrera guztiz doakoa izango da, edukiera osatu arte.
Aurten, gainera, jaialdiak bere lehen APPa jarri du martxan. Bertan eskuragarri dago talde bakoitzaren deskribapena, haien lanak entzuteko loturak eta kontzertuen kokapen zein ordutegiak, erabiltzaileak bere plangintza propioa egin dezan.