Mendizaletasuna sustatzeko asmoz Lekeitioko Udaleko Kirol Sailak mendi martxa antolatu du datorren maiatzaren 3rako. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta apirilaren 23an amaituko da; egunean bertan ezingo da izenik eman.
Bi ibilbide egiteko aukera egongo da, biak Independentzia plazan hasi eta amaituko direnak. Ibilbide luzeak 21 kilometroko luzera eta 900 metroko desnibel positibo metatua izango ditu. Laburragoa egin nahi dutenentzat, berriz, 11 kilometroko eta 450 metroko desnibeleko ibilbidea prestatu dute. Bi ibilbideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta boluntarioen laguntza izango dute bidea kontrolatzeko.
Probaren antolakuntzak jakinarazi duenez, ibilbide luzea goizeko 8.00etan abiatuko da eta laburra, aldiz, 10.00etan. Parte hartzeko ez dago adin mugarik, baina izena ematen dutenek aitortu beharko dute ibilbidea ezagutzen dutela eta hura osatzeko gaitasun fisiko nahikoa dutela. Bestalde, txakurrak eramateko baimena badago ere, derrigorrezkoa izango da lotuta eramatea, eta udalak ez du bere gain hartuko animaliekin gerta daitekeen ezbeharren erantzukizunik.
Hornidura-guneei dagokienez, garrantzitsua da jakitea ez dela edalontzirik banatuko. Horregatik, hondakinik ez sortzeko, parte-hartzaile bakoitzak bere botila edo edalontzia eraman beharko du etxetik. Ibilbide luzean bi hornidura-gune egongo dira eta ibilbide laburrean gune bakarra egongo da, 15. kilometroko berbera.
Izen ematea
Izena ematea lekeitio.eus webgunean, QR bidez edo Santi Brouard kiroldegiko harreran egin daiteke. Prezioei dagokienez, 14 urtetik gorakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14 urte edo gutxiagokoek, berriz, 10 euro. Kuotaren barruan zerbitzu guztiak sartzen dira: asegurua, hornidurak, asistentzia medikua eta Independentzia plazako nahiz Isuntzako aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera.
Izena ematen duten guztiek eskumuturreko bat eta opari bat jasoko dute. Horiek aldez aurretik jaso ahal izango dira Independentzia plazan apirilaren 28an eta 29an, edo maiatzaren 3an bertan goizeko 7.00etatik aurrera. Martxa amaitzean, janaria eta edaria egongo da parte-hartzaileentzat. Gainera, herriko denda eta tabernek emandako sariak zozkatuko dira parte-hartzaileen eskumuturrekoetako zenbakiekin