Araba

Liburuekiko maitasuna izango da Zabalibururen 5. edizioaren haria

Programazioa apirilaren 13tik 23ra egingo da, eta azoka egingo da hilaren 18an, larunbatean
Artxiboko irudia. / Utzitakoa

Bueltan da Zabaliburu Liburu eta Irakurketa Jaialdia, eta aurtengoa 5. edizioa izango da. Oraingoan, programazio osoaren haria liburuekiko maitasuna izango da. Programazioa apirilaren 13tik 23ra egingo da, askotariko jarduerekin, eta azoka egingo da hilaren 18an, larunbatean. Zabaliburu saria Elena Odriozola ilustratzaileari emango diote edizio honetan, bere ibilbide luzea aitortzeko.

“Amores libros-Irakurmindu zaitez” da Zabalgana gizarte-etxeak eta Zabaliburu auzoko elkarteak antolatutako jaialdiaren, Zabaliburu 2026ren, leloa. “Liburuekiko maitasuna eta pertsona askoren bizitzan zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi izan dugu”, laburbildu du Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, eta jaialdiaren bultzatzaile Zabaliburu kolektiboarekin izandako lankidetza garrantzitsua nabarmendu du.

Gainera, Zabaliburu aurrera eraman ahal izateko parte-hartze aktiboa ezinbestekoa dela nabarmendu nahi izan du. “Aparteko inplikazioa izan dute denek eta horixe bera da, hain zuzen ere, gizarte-etxearen helburua: Kaleko Hezkuntza Programako kideek liburu-trukea eta maitasunezko olerkiak xuxurlatzea oinarri izango duen jarduera poetikoa egingo dute; Zabalgana institutuak kontakizun eta haikuen erakusketa antolatu du; eta auzoko ikastetxeek liburu-irakurketako maratoia eta emozioen errezitaldia egingo dute”, azaldu du.

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, “Zabalibururen helburuak irakurzaletasuna sustatzea, Zabalganeko ikastetxeetako ikasleen kultur partaidetza aktiboa sustatzea, hiriko idazleak ezagutaraztea eta liburuaren sektoreari laguntzea dira”.

08/04/2026