Bizkaia

Kostaldea zeharkatuko dute Olentzero eta Mari Domingik

Harrera eta kalejirek markatuko dute ibilbidea Busturialdean eta Lea-Artibain
Olentzero eta Mari Domingi Lekeition (2023) / Lekeitioko udala

Gabonetako bezperan, Olentzero eta Mari Domingi urtero bezala kalera irtengo dira, Busturialdea eta Lea-Artibaiko herriak zeharkatuz. Haurrek gehien espero duten bisita horrek abenduaren 23an eta 24an izango ditu hitzordu nagusiak, ongietorriak eta kalejirak uztartuta.

Ibilbidea bihar bertan hasiko da. Arratsaldeko 15.30ean, Gautegiz Arteagan, Montorre eskolatik abiatuko dira Olentzerorekin batera kantuan, herrian zehar. Ibilaldi horren ostean, txokolatada eta merendola izango dira, herritarrei baserritar jantzita joateko gonbidapena eginez. Handik gutxira, Lekeition, 17.00etan piztuko da jaia: txokolatea, musika eta ondoren Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, plastikoaren erabilera murrizteko deiarekin.

Etzi, abenduaren 24an, ibilbideak erritmoa hartuko du. Muruetan, 15.00etan hasiko dira Kanpantxutik, etxez etxe agurtuz eta opariak banatuz. Arratsaldean, Muxikan, 17.00etan iritsiko dira, Kurtzerotik Zubieta Errotarainoko jaitsierarekin, sari banaketa eta gaztaina erreak tarteko. Bitartean, Bermeon, eguerdian udaletxean argazkiak ateratzeko aukera egongo da, eta 17.30etik aurrera kalejira egingo dute Goiko plazatik, dantzari eta musikariekin.

Kalez kale

Bidean aurrera eginda, Foruan 18.00etan egingo zaie harrera, eta ordutik aurrera festak herriko kaleetan hartuko du indarra. Ordu berean, Mundakan, Errekatik abiatuko dira, eta bertan dantzak, kalejira eta kantuak uztartuko dira, Gazte Zar Dantza Taldearen ekarpenarekin, Jose Mari Egileor txistulari taldearen doinuekin eta Mundakako abesbatzaren ahotsekin. Gernika-Lumon, 18.00etan hasiko da ibilbidea Adolfo Uriostetik, eta Don Tello, San Juan eta Artekaletik igaro ostean, Foru Plazan amaituko da, herriguneko bihotzean. Bide horretan, herritarrek kale ertzetan egingo diete harrera. Arratzun, 18.30etik aurrera bilduko dira herritarrak Olentzeroren jaitsierari ongi etorria egiteko; eta Nabarnizen, 19.00etan frontoian izango dute umeek aukera, gutunak emateko eta goxokiekin etxera itzultzeko. Sukarrietan, berriz, 18.00etan parkean izango da hitzordua, auzokoen topagune nagusian.

Lea-Artibaiko eskualdean ere ez da etenik izango. Ondarroan, abenduaren 24ko kalejirak Zaldubidetik Alamedaraino eramango ditu Olentzero eta Mari Domingi, Zubi Zaharreko Herri Ikastolaren eskutik. Markina-Xemeinen, 17.30ean hasiko dute kalejira, Xemeindik abiatu eta San Roke egoitzatik igarota Goikoportalera heltzeko; bertan, Xemeingo Gazte Ahots abesbatzak eta Adolfo Jainagaren trikitilari taldeak jarriko dute soinu banda. Eta bukatzeko, Aulestin, 18.30ean iritsi ko dira, Torrezelaitik hasita.

22/12/2025