Datorren otsailaren 5ean Ondarroan herritar batzarra ospatuko da, Udalak daraman martxaren berri herritarrei zuzenean eskaintzeko asmoz. “Bilera zabala izango da eta herritarren partehartzea egotea nahi dugu, iazko martxoan egindako herri batzarrean modura”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.
Batzar honetan Udalak onartutako 2026ko udal aurrekontuen azalpenak eta lehentasunak emango dira. “Aurten urtarrilaren 1erako aurrekontuak prest izatea lortu dugu eta horri ere duen balioa eman behar diogu, proiektu estrategiko batzuei heltzea ahalbidetuko digulako”, gaineratu du alkateak.
Horretaz gain, 2026 urte honetan egingo diren inbertsioen, aurreproiektuen, proiektuen eta obren informazioa ere emango da, eta, baita ere urteon exekutatuko direnenak ere. “Udalak daraman bideorriari jarraipena egiteko aukera da herritarrentzat, eta Udalarentzat, zelan ez, herritarrekin harreman zuzena izatekoa. Gardentasun ariketa bat, funtsean”, azpimarratu du Alkortak. “Gauza asko zergatik egiten diren, zergatik egin ezin diren eta hartutako erabakien zergatiak azaltzeko ere momentu ona izaten da”.
Azpimarratu dutenez herritarren parte hartzea, funtsezkoa da eta “2025eko martxoan egin zen herri batzarrean ikusi zen herritarrek asko eskertzen dituztela horrelako batzarrak, eta parte ere hartzen dutela, besteak beste, iritziak, usteak, kezkak eta aukerak azalduz”. 130 lagun baino gehiago batu ziren iazko batzarrean eta bertan hartu zen urte beteren bueltan beste herri batzar bat egiteko konpromisoa; konpromisoa hartu eta hitza bete. Batzarraren azken zatian herritarrek hitza hartzeko aukera izango dute, ohi modura, udal gobernuko kideei galderak egiteko.
Beraz, ondarrutar guztiei zabalik dagoen herritar batzarra Kofradia Zaharreko bigarren solairuan egingo da, ostegunean, arratsaldeko 18.30ean.