Araba

Gorputza, ahotsa eta performatibitatea izango dira Artium museoaren udazkeneko egitarauaren ardatzak

Urriko hirugarren asteburuan 'Lotura mekanikoak' programaren hirugarren edizioa egingo da
Gorputza, ahotsa eta performatibitatea izango dira Artium museoaren udazkeneko egitarauaren ardatzak. / Utzitakoa

Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak gorputza, ahotsa eta performatibitatea ardatz izango dituzten jarduera publikoen udazkeneko programa prestatu du. Hitzaldiak, lantegiak, proiekzioak, topaketa profesionalak eta performance ziklo bat izango dira, hezkuntza arloko zein familientzako ekimenekin batera.

Museoko arduradunek iragarri dutenez, hasteko, 'Trama' mugimenduan dagoen irudiaren inguruko diziplinarteko programaren bigarren edizioa egingo da iraileko azken asteburuan. Ekofeminismoei eta ingurumen justiziari eskainiko zaio, eta antropologia, zinema edo artea bezalako esparruetan erreferente diren adituek parte hartuko dute.

Urriko hirugarren asteburuan 'Lotura mekanikoak' programaren hirugarren edizioa egingo da, museoan bizitzeko era batzuk eta besteak esploratzea helburu duen performance zikloarena, hain zuzen ere.

Marwa Arsanios artista libanoarrari eskainitako bakarkako erakusketa inauguratuko da azaroan, Agustin Perez Rubio komisario dela. Turingo Fondazione Sandretto Re Rebaudengo erakundearekin batera ekoitzitako erakusketaren barruan, consonni elkartearekin batera antolatutako bertso saioan arituko dira Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina.

Bestalde, udazkenero bezala, Artium museoak familiei zuzendutako hezkuntza programa zabala abiatuko du aurten ere, publiko guztientzat diseinatutako jarduerekin.

Horrela, udako etenaren ondoren, familientzat pentsatutako hileroko 'Amarauna' hasiko da berriro, eta lehen hitzordua irailaren 20an izango da, Sergi Bukaren argi-itzalen ikuskizunarekin, Magialdia jaialdiarekin elkarlanean.

Urrian, 'Bor-bor' izeneko asteburuetako lantegi irekiak itzuliko dira, arte garaikidearekin familiartean esperimentatzera gonbidatzen dutenak.

10/09/2025