Gasteizko Udal Musika Bandak 2026-2027ko abonamendu denboraldia prestatu du 'El sonido de la existencia' izenburupean (Existentziaren soinua), eta hamar kontzertu eskainiko ditu irailetik maiatzera bitarte. Musikagile egoiliarra Bert Appertmont izango da, eta zuzendarien zein bakarlarien kolaborazioak egongo dira.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak denboraldiaren aurkezpenean azaldu duenez, "musika gizakiaren existentziari atxikita dago, eta hortik datorkio izenburu hau. Historiaurreko lehen erritoetatik gaur egungo edozein ospakizunetaraino, une horiek guztiek badute zerbait komunean: musikaren presentzia, gainera, pertsonen bizitzaren elementu nagusi gisa. Denboraldi honek kontzeptu hori islatzen du, existentziari buruzko narrazio musikala".
Horrela, Gasteizko bandak hamar kontzertu eskainiko ditu irailaren 23tik maiatzaren 26ra, eta, Luis Orduña bandako zuzendariak nabarmendu duenez, "denboraldiak ibilbide musikala proposatzen du giza esperientziaren dimentsio handi batzuetatik abiatuta".
Bere hitzetan, hamar kontzertuotan, Gasteizko Udal Musika Bandak "existentziaren arku zabala zeharkatzera gonbidatuko du publikoa: unibertsoaren sorreratik eta lehen mitoen agerpenetik gatazkara, espiritualtasunera, memoriara, identitatera, irudimenera eta transzendentziaren bilaketara artekoa".
"Programa bakoitza soinu kontakizun honen kapitulu gisa ulertzen da: garai, imajinario eta sentsibilitate desberdinak zeharkatzen dituen bidaia, baina beti sakoneko galdera berari eusten diona: zer esan nahi du existitzeak eta musikak nola lagun diezaguke esperientzia hori ulertzen?, adierazi du.
Ohikoa den bezala, denboraldiak konpositore egoiliarra izango du, eta oraingoan Bert Appertmont izango da; gainera, zuzendari gonbidatu gisa ere parte hartuko du kontzertuetako batean.
Orobat, bandak kolaborazio "oso interesgarriak" izango ditu hurrengo denboraldian, hala nola Renata Oliveirarena, hitzorduetako batean zuzendari lanetan ibiliko denarena. Bestalde, Conrado Moya (marinba), Vincent David (saxofoia), Ramon Escale (Hammond organoa eta abesbatzaren zuzendaritzal), Goizargi Gospel Choir (gospeleko abesbatza), David Martinez Gonzalez (biolina) eta Jannicke Eide Ellings (bonbardinoa) bakarlariak gonbidatu gisa arituko dira.
Abonamenduen salmenta asteazkenean hasiko da, uztailaren 22an, 10:00etan, eta sarrera solteena irailaren 8an, 16:00etan, Udal Antzoki Sareko leihatilan (Plaza Berriko turismo bulegoa), online eta telefonoz (945 16 10 45).