Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko Ikasketa Profesionaletako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak Madrilera joango dira aste honetan, eta hainbat dantza zentro bisitatu eta diziplina ezberdinetako eskolak jasoko dituzte asteazkenetik larunbatera, martxoaren 11tik 14ra.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "prestakuntza bidaia horien helburua da sinergiak sortzea beste zentro batzuekin, kasu honetan Madrilgoekin, ikasleek esperientzia berriak partekatu eta eskuratu ahal izan ditzaten maila akademikoan, artistikoan eta bizitza mailan".
"Horrela, Gasteizen jasotzen ari diren prestakuntza prozesua aberastuko dugu, eta, era berean, prestakuntza amaitu ondoren dantzaren munduan garapen artistikorako aukerak ezagutzea erraztuko dugu", gaineratu du.
Horreoa, ostegunean, Gasteizko ikasleek Teatros del Canal gunea bisitatuko dute, eta bertan egonaldia egiten ari den dantza konpainia baten entsegura joateko aukera izango dute. Gainera, hitzaldia ere eskainiko diete. Ondoren, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalera joango dira, eta bertako eskoletako bat eta entsegu bat ikusteko aukera izango dute.
Eguna amaitzeko, berriro ere Teatro del Canalera joango dira. Bertan, Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldia ikusteko aukera izango dute, Willian Forsytheren 'The Second Detail' eta Johan Ingerren 'Become' koerografiekin.
Ostiralean, ikasleak Carmen Amaya Kontserbatorio Profesionalera joango dira, eta dantza klasikoko, garaikideko, Pas de deux-eko edota puntako eskolak jasoko dituzte. Arratsaldean, publiko berriei buruzko emanaldi prestakuntza eskainiko die Mariemma Kontserbatorio Profesionalak Teatro de la Resad antzokian.