Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak bi sorkuntza tailer berri programatu ditu ikasturte honetarako, bata otsail honetan eta bestea ekainean, Ikasketa Profesionaletako ikasleei zuzenduta. Matxalen Bilbao eta Ines Aubert dantzari eta koreografoak izango dira lantegien gidariak.
Dantzaz/Atalak Sarea erakundearekin egindako lankidetza hitzarmenaren barruan antolatu da eskaintza, "ikasketa praktikoa aberasteko eta sorkuntza koreografikoarekin zuzeneko esperientzia eskaintzeko", Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez.
Matxalen Bilbaok gidatutako tailerra izango da lehena, otsailaren 9an eta 10ean, kontserbatorioan bertan, Ikasketa Profesionaletako 5. eta 6. mailetako ikasleekin. Ines Auberten lantegia ekainaren 3an eta 4an izango da, eta Ikasketa Profesionaletako 3. eta 4. mailetako ikasleekin eta 1. eta 2. mailetakoekin egingo du lan.
"Prestakuntza horren bidez, ikasleek esperimentatzea, parte hartzea, ikastea eta sortzea bilatzen da, koreografoek gidatutako proposamenetatik abiatuta. Horrela, dantzaren sortze prozesuaren barruan koreografia sorkuntzarako, konposiziorako, inprobisaziorako eta interpretaziorako tresnak garatuko dituzte", zehaztu du zinegotziak.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Gaztea Sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 5ean ospatuko da Euskalduna Bilbao jauergian, eta, urtero bezala, euskal musikak emandako onena aitortuko dute bertan. Artista horietako asko oholtza gainera gonbidatuko ditu Gaztea irratiak, galarako propio prestatutako ikuskizuna eskaintzeko.
EITBk jakinarazi duenez, aurreko urtean zehar jasotako uztari erreparatu eta artista, kanta, disko, bideoklip eta zuzeneko onenak sarituko dira, besteak beste. Aurten, baina, aldaketak izango dira hautaketa prozesuan, eta Gazteak osatutako epaimahai batek erabakiko ditu kategoria gehienetako irabazleak. Halere, izango da bozkatzeko aukerarik, Gazteako ikus-entzuleek bi kategoriatako irabazleak erabakiko baitituzte webgunean abiatuko den bozketan.
Gainera, kategoria berria sortu dute aurtengo sarietarako: Ikuskizun Onena. Sari honekin, 2025ean izan diren kontzertu eta ikuskizun bereziak sarituko dituzte. Galan zehar ikusiko diren emanaldietako protagonisten izenak laster jakinaraziko dira, baina inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla iragarri dute.