Gasteizko Enplegu eta Tokiko Garapen Plan berriak 29,7 milioi euroko hasierako inbertsioa egingo du hurrengo bi urteetan langabezian dauden 700 pertsonari lana emateko, Maider Etxeberria alkateak eta Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak udaletxean egindako agerraldian iragarri dutenez.
Etxebarriak azaldu du plan berria erakundeen, gizarte eragileen eta eragile ekonomikoen arteko lankidetzaren emaitza dela, eta "jarduera ekonomikoa, enplegu egonkorra eta gure ehundura enpresariala eta soziala indartzea" dituela xede. Hala, diseinatutako proiektuak "Gasteizentzako eta enpresen eta herritarren beharrentzako plan biziarentzako abiapuntua" izatea espero du.
Era berean, Mikel Torresek azaldu du Gasteizko Enplegu eta Tokiko Garapen Plana "enpleguaren politika publikoak ulertzeko modu berria" dela, "hurbilagoa, koordinatuagoa eta lurralde bakoitzaren errealitatera egokituagoa".
Bere iritziz, "plan on baten xedea ez da soilik errealitatea aztertzea", baizik eta "bere benetako balioa bihar beharko ditugun erantzunak prestatzen laguntzean datza", eta dagoeneko lan merkatua eraldatzen ari diren aldaketei aurre hartzeko beharra defendatu du. "Ez dugu oraina soilik kudeatu nahi, etorkizuneko enplegua eraiki nahi dugu. Erronka ez da soilik enplegu gehiago eta hobea sortzea, baizik eta bihar beharko dugun talentua gaur prestatzea", adierazi du.
Asmo hori betetzeko, Gasteizko Enplegu eta Tokiko Garapen Plana bost helburu estrategikotan sailkatutako 36 ekintzatan artikulatzen da. Lehen helburua hiria berrorekatzea eta kohesionatzea da, Gasteizko eremuen artean dauden desberdintasunak murrizteko eta tokiko ehundura ekonomikoa dinamizatzeko. Bigarrenik, ekosistema ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzea bilatzen da, berrikuntzaren, digitalizazioaren, enpresen arteko lankidetzaren, eta gaitasun profesionalak hobetzearen bitartez.
Hirugarren helburu estrategikoa baliabideen erabilera jasangarria optimizatzea da, efizientzia energetikoa, ekonomia zirkularra eta lehengaien erabilera arrazionala sustatzen duten ekimenekin, eta laugarrena enplegura sartzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonen enpleagarritasuna hobetzea. Azkenik, Gasteizek aukera espazio gisa daukan erakargarritasuna indartzea bilatzen da.
ZAILTASUNAK DITUZTEN KOLEKTIBOAK
Plan berriak arreta berezia jarriko du enplegua eskuratzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboetan, hau da, kualifikaziorik gabeko pertsonetan, 45 urtetik gorako langabeetan edota emakumeetan. Asmoa da bi urtean langabezian dauden 700 pertsonak lana lortzea.
Aurreikusitako jarduketen artean daude kontratazio zuzenak egitea udal enplegu planen bitartez eta enpresei diru laguntzak ematea kontratazioa sustatzeko. Kasu honetan, enpresek 10.000 eta 13.000 euro arteko diru laguntzak jasotzeko aukera izango dute 45 urtetik gorako pertsonak kontratatuz gero. Kopuru horiek %10 eta %15 artean handituko dira emakumeak kontratatzen badituzte edo kontratatutako pertsona iraupen luzeko langabea baldin bada.
Diru laguntzen lerro hori osatzeko, laguntza ekonomikoa emango da 45 urtetik gorako langileen behin-behineko kontratuak mugagabe bihurtzeko. Neurriaren helburua da lan merkatura itzultzea are zailagoa den adin tartean enplegua finkatzea".
Kualifikazio gutxiko langabeena da lehentasunezko beste kolektiboetako bat, eta, horregatik, beren enplegagarritasuna hobetzeko eta kalitate handiagoko lanak lortzeko prestakuntza, orientazioa eta laguntza jasoko dute, enpresek ondo formatutako langileak izateko egiten duten eskariarekin bat etorriz.
Gainera, Enplegu eta Tokiko Garapen Plan bi lan lerro berri irekiko ditu: alde batetik, 'Tokiko Talentua babesteko bide berrien azterketa' proiektuak talentua erakartzeko, atxikitzeko edo berreskuratzeko ekimenak hautemango ditu, eta, bestetik, 'Silver Economyaren Garapena' proiektuak 60 urtetik gorako pertsonen beharrekin eta eskariekin lotutako enpleguaren, negozioaren eta berrikuntzaren aukerak aztertuko ditu.