Araba

Gasteizek abian jarri ditu San Martingo parkeko jolas eremua berritzeko lanak

Udalak 217.938,44 euroan esleitu ditu obrak, parkeko espazio erabilienetako bat modernizatzeko
Jarduketak eremua aldatu eta ingurune irisgarriagoa, seguruagoa eta adin guztietarako pentsatua bihurtuko du. / Utzitakoa

Vitoria-Gasteizko Udalak ESTUDIOS Y OBRAS RECALDE SL enpresari esleitu dizkio San Martingo parkeko jolasgunea berritzeko obrak, 217.938,44 euroan eta lau hilabeteko epean.

Esku-hartze horrekin, Udalak beste pauso bat eman du auzoetako espazio publikoak hobetzeko, parkeko gune jendetsuenetako batean jardunez eta egungo erabilera-beharretara egokituz.

Proiektuak jasotzen duen bezala, jarduketa parkearen erdialdean egingo da, eta espazioa erabat berrantolatuko da, ingurune irekiagoa, irisgarriagoa eta konektatuagoa sortzeko. Horrek adin desberdinen arteko bizikidetza erraztuko du.

“Urrats garrantzitsua eman dugu familiek asko erabiltzen duten espazio hau berritzeko eta haren kalitatea hobetzeko. San Martingo parkea pertsona guztientzako topaleku erosoa, segurua eta pentsatua izaten jarraitzea nahi dugu”, adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Esku-hartzeari esker, egungo zoladura berritu ahal izango da, nabarmen hondatuta baitago, eta, horren ordez, beste bat jarriko da, seguruagoa eta haurren erabilerarako egokiagoa. Gainera, bertako elementuak berrantolatu eta ekipamendu berriak sartuko dira.

Diseinu berriak jolasgune osoagoa eta erakargarriagoa izango du. Gainera, jolaserako egurrezko elementu handi bat, hainbat altuerakoa, gehituko da eta horrek jarduera ugari konbinatuko ditu: hala nola igotzeko, orekatzeko edo irristatzeko jarduerak. Multzo horrek zirkuitu txiki gisa funtzionatuko du, eta, horren bidez, haurrek jolaserako eta mugimendurako modu desberdinak esperimentatu ahal izango dituzte espazio berean.

Proiektuak aire zabaleko jarduera fisikorako gune espezifikoa ere izango du, adin guztietarako pentsatua. Gune horretan, egungo ping-pong mahaiak mantendu eta zaharberrituko dira, eta kirola egiteko elementu berriekin osatuko da, hala nola bizikleta estatiko batekin, eliptiko batekin eta tokian bertan oinez ibiltzeko ekipoekin. Gainera, hanken mugikortasuna lantzeko pedalak dituen bankua ere jarriko da. Azken batean, kirola egiteko espazio irisgarri eta gertukoa sortzea da helburua, parkean bertan aisialdia eta ohitura osasungarriak konbinatu ahal izateko.

Eremu horien ondoan, egonleku berriak prestatuko dira, mahaiekin eta bankuekin. “Proiektu hau jolasak berritzea baino gehiago da; izan ere, espazio publikoa erabiltzeko modua hobetzeko pentsatutako jarduketa da. Horri esker, eremu inklusiboagoak eta erosoagoak sortuko ditugu, bertan geratzeko gonbitea egingo dutenak”, gaineratu du Artolazabalek.

07/04/2026