Araba

FotoArte argazki lehiaketak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena omenduko du

FotoArte argazki lehiaketak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena omenduko du. / Utzitakoa

FotoArte argazki lehiaketak 20 urte beteko ditu aurten eta edizio berezia beste urteurren batekin bat eginez ospatuko du: Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena. Horregatik, lehiaketaren leloa eta gaia 'Arteak eta lanbideak' izango da.

Gainera, Tokiko Artista Onenaren saria irabazten duenak, sari ekonomikoaz gain, urtebeteko beka jasoko du 2025-2026 ikasturtean Arte eta Lanbide Eskolan edozein gai ikasteko.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi du "ospakizun urtea" dela, FotoArteren 20 urteekin batera, Arte eta Lanbide Eskolaren 250 egin baititu.

"Kulturaren munduko lankidetzak oso positiboak izaten dira. Beti sortzen dituzte esperientzia oso interesgarriak eta aberasgarriak eta ziur nago oraingoan ere halaxe izango dela", nabarmendu du.

Ohikoa den moduan, lehiaketak bi fase izango ditu eta lehenengoak txapelketa bere horretan jasoko du. Hasteko, argazkien aurkezpena egingo da astearte honetatik martxoaren 18ra arte. Irudiak udal webgunean erabilgarri dagoen lehiaketako izen-emate formularioaren bidez aurkeztu behar dira.

Jasotako proposamenak hartuta, epaimahai profesional batek 32 argazki hautatuko ditu hurrengo irizpide hauen arabera: argazkien kalitatea, proposatutako gaiaren arabera egokia izatea, aniztasuna, dibertsitatea eta, berdintasunetik abiatuta, gizartearen eraldaketa bultzatzea.

"FotoArteren helburua argazkigintzarekin lotutako sormena, teknika eta sorkuntza artistikoa sustatzea da. Horregatik, ez dira onartuko adimen artifizialaren bidez sortutako lanak", zehaztu du zinegotziak.

Bigarren fasean sari banaketa egingo da, maiatzaren 29an, 19:00etan, Pilar gizarte etxean. Une horretan inauguratuko dute aukeratutako 32 lanekin osatuko den erakusketa ibiltaria. Erakusketa hiriko gizarte etxeetan egongo da ikusgai eta udal webguneko espazio birtual batean ere jarriko da.

Bost sari banatuko dira: 1.000 euro irabazlearentzat, 700 euro bigarrenarentzat, 400 euro Tokiko Artista Onenarentzat eta 150na euroko bi accesit. Gainera, tokiko artista onenak Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak egiteko beka eskuratuko du.

18/02/2025