Araba

Foru Aldundiak aitortza egin dio Arte eta Lanbide Eskolari, eskulangintza sustatzean duen funtsezko eginkizunagatik

Erakundeak bere sorreraren 250. urteurrena bete zuen iaz
Foru Aldundiak aitortza egin dio Arte eta Lanbide Eskolari, eskulangintza sustatzean duen funtsezko eginkizunagatik. / Utzitakoa

Arabako Foru Aldundiak aitortza egin dio Vitoria-Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolari, azken 251 urteetan eskulangile berrien prestakuntzan eta lanbide tradizionalen iraupenean izan duen funtsezko eginkizunagatik, 2025eko Blas Arratibel artisautza lehiaketako sariak emateko ekitaldiaren esparruan. Arte eta Lanbide Eskolak bere sorreraren 250. urteurrena bete zuen iaz 

Ekitaldi horretan bertan, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak urtero antolatzen duen Blas Arratibel sariketa irabazi duten artisauen izenak eman dira ezagutzera, Euskadiko eta Trebiñuko Konderriko artisautza lan onenak aitortzeko: Leire García López de Munain eta Unai Beltrán de Lubiano Barredo. Saritutako lanak eta gainerako piezak Bibat Museoan egongo dira ikusgai bihar arte, abenduak 5.

Cristina González diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatua buru izan da gaur arratsaldean Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egin den sari banaketa ekitaldian, eta artisauek egiten duten lan garrantzitsua nabarmendu du, bertako kulturari eta lanbide tradizionalei eusten baitiete, eta jendartera zabaltzen baitituzte. “Pieza bakar eta errepikaezin bakoitzean beren bizitzaren zati bat jartzen duten profesional hauen lana aitortu eta nabarmendu nahi dut”.

“Eta arabarrak animatu nahi ditut lan hori aitortzera eta gure artisauak gogoan izatera Gabonetarako erosketak eta opariak egitean. Artisau lanak aukera ematen digu gure familiari eta lagunei opari berezi eta desberdin bat egiteko", gaineratu du.

Leire García López de Munainek A modalitateko saria jaso du, zeina artisau izaera aitortua duten pertsonentzat baita, "1111" lanagatik: gresez egindako zeramikazko pieza bat, pieza txiki ugariz osatua, banan-banan modelatuta eta ondoren batuta, forma bizia eta mugimenduduna sortuz. "1111 zenbakiak errepikapena, oreka eta konexioa adierazten ditu. Banakakoak nola batzen diren azaltzen du, zerbait handiagoa, ederragoa eta indartsuagoa osatzeko", azaldu du.

Bigarren aldia da Manisesko Zeramikaren Goi Eskolan prestaturiko artisau horrek sari ospetsu hau jaso duela, 2021eko edizioan kategoria horretan bertan ere saria jaso ondoren.

Blas Arratibel artisautza lehiaketako epaimahaiak aho batez erabaki du pieza honek A modalitateko saria merezi duela "daukan elaborazio handiagatik, konplexutasun teknikoagatik eta plastikotasunagatik". Era berean, "obraren izaera organikoa eta transmititzen duen mugimendu sentsazioa" nabarmentzen ditu, eta bereziki aipagarria iruditzen zaio "obraren izaera artistikoaren eta artisau izaeraren arteko sinbiosia". Sari hau 3.500 eurokoa da.

Unai Beltrán de Lubiano Barredori, berriz, B modalitateko saria eman diote. Sari hori oraindik artisau izaera ofizialki aitortuta ez duten pertsonentzat da. "Magaletan" da lana: haritz egurrezko mahai bat, hanken forma biribildua duena. "Nire erronka izan zen hanka biribil batzuk diseinatzea, gorputz bakar bat osatzearen sentsazioa emateko", azaldu du ebanistak.

Lan honen kasuan, epaimahaiak aho batez ere erabaki du saria merezi duela, "bere sinpletasunagatik, eta hura prestatzeko eta gauzatzeko egindako lan konplexuagatik". Sari hau 1.500 eurokoa da. 

Arte eta Lanbide Eskola

Arabako Aldundiak, halaber, Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolari, 2025eko Blas Arratibel sariak emateko ekitaldian, azken bi mende eta erdian eskulangile berrien prestakuntzan eta lanbide tradizionalen transmisioan izan duen funtsezko eginkizuna aitortu dio. Erakunde horrek bere sorreraren 250. urteurrena bete zuen iaz, eta 1774tik hona eskulangintzaren, sorkuntzaren eta artearen mundua nahi duen pertsona orori hurbildu dio.

"Guztiz merezitako aitortza da. Ekitaldi honetan gurekin zaudeten artisauetako asko erakunde honetako ikasgeletan eta tailerretan ibili zarete noizbait, eta beste pertsona asko, bai eta neu ere, hainbat diziplina ikastera etortzen gara espazio honetara, gure sormen artistikoa askatasunez hedatzeko asmo hutsagatik", adierazi du Cristina González diputatuak.

Arte eta Lanbide Eskolak, gaur egun, artisau lanbideen eskolak ematen ditu, hala nola zura lantzea, ehungintza, koadernaketa, buztingintza, zeramikagintza eta larrugintza, bai eta beste diziplina artistiko batzuk ere, hala nola pintura mota desberdinak (marrazkia, akuarela, kartela, erretratua, etab.), eskultura, argazkia eta irudi digitala...

Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari Uxua García Antoñanak aitorpen hori jaso du erakundearen izenean, 40 irakasle, ikasle eta irakasle ez diren langile baino gehiagoren aurrean. Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari ohi José Ignacio Martínez de Arbulo (1996-2015) eta Elisabeth Palacios (2016-2024) ere joan dira sari hau emateko ekitaldira.

08/12/2025