Gasteizek San Anton eguna ospatuko du urtarrilaren 17an urtero bezala, eta hainbat ekitaldi eskainiko dituen programazioa izango da larunbatean. Lehen hitzordua 17:15ean izango da, udal segizioa Plaza Berritik atera eta San Pedro parrokiaraino joango denean Bezperetako elizkizunean izateko.
Ibilbidean, Gasteizko erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Udal Folklore Akademia izango dira. Aldi berean, 17:00etatik 18:30era bitarte, Gargantua eta puzgarriak egongo dira Plaza Berrian, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.
Bezperen ondoren, erraldoia kalejiran Plaza Berrira itzuliko dira, eta han, txokolatea banatu eta 'Dantza plazan' egingo dute 17:45ean. Jarraian, 18:00etan, ekitaldi nagusia hasiko da udaletxean: San Anton eguneko zozketa tradizionala. Ordu erdi geroago egingo dute zozketa txikia. Eguna amaitzeko, 18:45etik 19:00ak bitarte, suzko zezena izango da.
Zozketako txartelen salmenta ostegun honetan amaituko da salmenta gune gehienetan: La Unión taberna, gizarte etxeak, Abastos plazako merkatua eta Floridako azoka (salmenta-gune berria), La Peña Dulce, Ciclos Sport eta Euskadiko Kutxaren sukurtsalak. San Prudentzioko ALZIn ostiralera arte erosi ahal izango dira eta Loma Jeneralaren plazako standa larunbateko 16:30 arte egongo da zabalik.
San Anton Txikiko zozketan 40 kilo txokolate zozkatuko dituzte txokolatezko txerritxoen formarekin. Bi artisau pieza handi dira eta Nalda gozotegia hilabete eta erdi eman ditu lanean. Gasteizko 52 ikastetxek hartzen dute zozketa horretan; zozkatuko duten txokolatezko animalia horietako bat Haur Hezkuntzako 300 gelen artean zozkatuko dute, eta beste bat Lehen Hezkuntzako 725 gelen artean.