Araba

Bozeramaileen Batzordeak Francisco de Vitoria Domina eman dio Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeari

Udalak “informaziorako eskubidea indartzeko” egiten duen ekarpena eta bere lan “independentea, garrantzitsua eta merezimenduzkoa” nabarmendu ditu
Bozeramaileen Batzordeak Francisco de Vitoria Domina eman dio Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeari. / Utzitakoa

Vitoria-Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundeari Francisco de Vitoria Domina ematea erabaki du gaur. Sariak “prentsa-askatasunaren defentsa aktiboa”, “independentea, oso garrantzitsua eta merezimenduzkoa” den lana eta “gizarte demokratikoen funtsezko zutabe gisa informaziorako eskubidea indartzeko” egindako ekarpena aitortzen ditu.

Domina Arabako hiriburuan banatuko dute, Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroekin batera. Hain zuzen ere, ikastaro horien Batzorde Zientifikoak egin zuen domina emateko hasierako proposamena.

1985ean Frantzian sortua, Mugarik Gabeko Kazetariak nazioartean aitortza osoa duen erakundea da kazetariak defendatzeko egiten duen lana dela eta. Muturreko indarkeria-egoeratan, arriskuan dauden profesionalei laguntza legala, ekonomikoa eta teknikoa emateko erreferentziazko GKE gisa finkatu da. Ildo horretan, nabarmendu behar da azken bosturtekoan gatazka armatuetako jazarpena handitzen joan dela. 2025a bereziki gogorra izan zen eta heriotza ugari gertatu ziren; hala, komunikabideetako 67 profesionalen hil zituzten, eta horietatik % 43 Gazan.

RSFren eragin politiko eta mediatikoa handia da, bai tokian-tokian, bai nazioartean. Zaintza-lanari esker, gobernuek, auzitegiek eta gobernuen arteko erakundeek (hala nola Nazio Batuek, Europako Kontseiluak edo Europar Batasunak) erreferentzia gisa erabiltzen dituzte erakundearen txostenak eta salaketak.

Horrez gain, bere lanak garrantzi erabakigarria hartu du desinformazioaren eta kontrol digitalaren egungo ugaritzearen aurrean. Azkenaldian, erakundeak modu aktiboan egin du lan sareko informazio-askatasunaren defentsan, zentsura digitala, Estatuaren espioitza eta hedabide digitalen aurkako erasoak salatuz.

25/04/2026