Arabako Foru Aldundiak Berrasi egoitza eta eguneko zentro berria jarri du abian. Gizarte bazterketa moderatu edo larriko egoeran dauden gizonei arreta integrala emateko baliabidea da, gizarte bazterketari arreta emateko gizarte zerbitzuen sarea indartzeko eta pertsona zaurgarrien kolektibo horren premiei erantzuteko.
GOFEren gizarte bazterketaren arretarako sistemak ikuspegi integrala du, denboran irauten duten gabezia ugariko bizitza eta bizikidetza baldintzak dituzten pertsonei zuzendua. Gabezia horiek metatzean, gizarte bazterketako egoeran jartzen dituzte, zeina loturik baitago bizitoki alternatibarik eta baliabide pertsonal, erlazional eta materialik ezarekin. Testuinguru horretan, Berrasi foru zentro berriak 14 egoitza plaza eta eguneko zentroko 10 plaza eskaintzen ditu, zerbitzu misto batean, eta GOFEk gizarte inklusioaren arloan lehendik dituen ekipamenduei gehitzen zaie.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gizarte Politiken Saileko diputatu Gorka Urtaranek Armentiako eraztun berdearen inguruan, Abegia zentroak azken urteotan zeukan kokaleku berean, dagoen baliabide berri hori bisitatu dute gaur goizean. Orain, ekipamenduan beste hartzaile batzuk egongo dira; izan ere, arreta integrala, ostatua eta arreta psikosoziala eta gizarte eta hezkuntza arreta espezializatua ematen dizkie gizarte bazterketako egoeran dauden eta narriadura pertsonal, sozial eta erlazional larriak dituzten gizonei, eta haien gizarte inklusioko ibilbidea pixkanaka eta modu pertsonalizatuan indartzen du.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) zentro berri horrek iazko urte amaieran ekin zion bere ibilbideari, eta pixkanaka sartzen ari da beste foru eta udal baliabide batzuetatik datozen eta kaleko egoeretatik datozen eta gizarte bazterketako egoera aitortuta duten erabiltzaileak.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek nabarmendu duenez, “Berrasi egoitza eta eguneko zentro berria abian jartzea aurrerapen garrantzitsua da Arabako Foru Aldundiak gizarte bazterketaren errealitateari eman nahi dion erantzunean, gure gizarteko pertsona askori eragiten baitie”.
“ Berrasi konpromiso argia da inklusioaren, duintasunaren eta gizarte kohesioaren balioekin. Hainbat arrazoirengatik ohiko babes eta laguntza zirkuituetatik kanpo geratu diren gizonei arreta pertsonalizatua emateko gai den baliabidea da ”
“Baliabide honen bidez, beren bizitzetan egoera gogorrak bizi dituzten pertsonei arreta emateko lehentasunezko premia bati erantzuten diogu; izan ere, bizitzeko leku duina emateaz gain, giza laguntza eta laguntza profesionala ere ematen diegu, loturak sortzeko, autonomia pertsonala garatzeko eta bizi proiektuak berreskuratzeko edo berrabiarazteko”.
Era berean, azpimarratu duenez, “Berrasi konpromiso argia da inklusioaren, duintasunaren eta gizarte kohesioaren balioekin. Hainbat arrazoirengatik ohiko babes eta laguntza zirkuituetatik kanpo geratu diren gizonei arreta pertsonalizatua emateko gai den baliabidea da”.
Era berean, iragarri du aurten bertan gaueko harrera zentro berri bat jarriko dela martxan, GOFEren gizarte inklusioko ekipamenduen katalogoa osatuko duena.
Pertsona bakoitzaren premietara eta erritmoetara egokitua
Ekipamenduaren helburu nagusien artean, honako hauek daude: artatutako pertsonen arriskuak eta narriadura fisiko, psikologiko eta erlazionala murriztea; haien oinarrizko premiak eta laguntza premiak asetzea; haien gaitasun eta trebetasun pertsonal eta sozialak garatzen laguntzea; bai eta gizarteratzea sustatzea eta familia eta gizarte sareak indartzea ere.
Arreta pertsona bakoitzaren premietara, erritmoetara eta prozesuetara egokitutako banakako programa malguen bidez egituratzen da. Pertsona eta bere inguruabarrak prozesuaren erdigunean daude, bere erabakien protagonista eta arduradun gisa, etengabeko laguntza pertsonalizatuarekin.
“ Ekipamenduaren helburu nagusien artean, honako hauek daude: artatutako pertsonen arriskuak eta narriadura fisiko, psikologiko eta erlazionala murriztea; haien oinarrizko premiak eta laguntza premiak asetzea ”
Xilema Fundazioak kudeatzen du zentroa, eta diziplina anitzeko talde profesional bat du, psikologiako, gizarte laneko, erizaintzako, gizarteratzeko eta gizarte hezkuntzako profesionalek osatua, arreta integrala eta koordinatua bermatzen duena, artatutako pertsonen gizarte eta komunitate inklusiora bideratuta.
Berrasiren eraikinak 900 metro koadroko azalera du, eta bizitegi erabilerarako zein eguneko zentroaren zerbitzurako espazioak ditu, hala nola jantokia, erabilera anitzeko gelak, arreta profesionalerako bulegoak, lantegiak, zaintza zonak eta gela indibidual eta bikoitzak, bai eta lorategi zona duen kanpoko espazio zabal bat ere.