Barneko ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko (I+G) jardueren gastua %6,1 igo zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2025ean. Era beran, I+G arloan diharduten dedikazio osoko baliokidetzako langileen guztizko kopurua %3,0 igo zen iaz, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako behin-behineko emaitzen arabera.
Egikaritze sektoreak kontuan hartuta, enpresak eta IAGEP sektoreak %6,1eko igoera izan zuen barneko gastuan eta %3,7koa I+Gko jardueretarako langileen kopuruan. Administrazio publikoari dagokionez, gastuak %9,1eko igoera izan zuen, eta I+Gko langileen kopuruak %6,7koa. Goi-mailako irakaskuntzaren sektorean, gastuaren igoera %4,8koa izan zen, eta I+Gko langileen kopuruarena %0,1ekoa.
Alderatzeko dagoen azken datuan (2024. urteari dagokion datuan, alegia), BPGarekiko barneko I+Gko gastua %2,15ekoa izan zen EAEn eta %1,50ekoa Espainiako Estatuan.
BESTE GAI BATZUK
Beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Antoñanan (Araba) adinekoentzako jantoki sozial bat finantzatzeko 10.000 euroko diru laguntza ematea onartu du astearte honetako bileran.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Antoñanak 147 biztanle ditu eta, jantoki sozial berriari esker, astelehenetik ostiralera, eguerdian, adinekoak Gizarte Etxera bazkaltzera joan ahal izango dira.
Antoñanako 65 urtetik gorakoentzat, bakarrik edo bikotekidearekin bizi direnentzat, modu autonomoan elikatzen direnentzat, elikadura orekatuarekin laguntza behar dutenentzat edo espazio erlazional eta abegikorra behar dutenentzat da ekimena.
Jantoki sozialaren helburuak dira erabiltzaileen nutrizio premietara egokitutako janaria ziurtatzea, adinekoek elikaduran ohitura osasungarriak gara ditzaten erraztea, ahalik eta denbora luzeenean bizimodu autonomoa izan dezaten laguntzea, etxean eta ingurunean egoteko aukera ematea, arrisku egoerak detektatzea eta sareak eta gizarte harremanak sortzea erraztuko duten espazioak sustatzea.