Araba

Artium Museoak Flora Gomesen 'Mortu Nega' filma proiektatuko du Afrikaldia jaialdiaren baitan

Artium Museoak Afrikaldia Jaialdiaren amaiera gala hartuko du azaroaren 9an, 19:00etan. Dj LOGS arituko da bertan, eta sarrera doakoa izango da, toki mugatuarekin
Artium Museoak Flora Gomesen 'Mortu Nega' filma proiektatuko du Afrikaldia jaialdiaren baitan. / Utzitakoa

Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Afrikaldia Jaialdiak Flora Gomes zinemagilearen (Tombali eskualdea, Ginea-Bissau, 1949) filmografiari eskainitako saioa antolatu dute azaroaren 10erako, eta 'Mortu Nega' filma proiektatuko dute, besteak beste.

Museoko iturriek jakinarazi dutenez, Gomes Afrikako zinema garaikideko zinemagile aitzindari eta nabarmenetako bat da. Nazioartean aitortutako haren lanak bere herrialdeko historia, independentziaren aldeko borrokaren memoria eta gizarte eta kultur eraldaketak lantzen ditu.

Lankidetza horren barruan, Artium Museoak 'Flora Gomesen zinemari begirada bat' lantegia hartuko du. Jusciele Oliveira ikertzaileak emango du, goizez eta arratsaldez: 10:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:00etara. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Afrikaldia Jaialdiaren webgunean.

Lantegiaren helburua Afrikako zinemetara hurbiltzea da, ikuspegi historiko, teoriko eta estetikoetatik abiatuta, ikuspegi murriztaileak eta hurbilketa estereotipatuak saihestuz. Afrikako zinemaren ikasketei buruzko sarrera historiko, teoriko eta estetikoa proposatuko du, Ginea-Bissauko Flora Gomes zinemagilearen lanean oinarrituta.

Bere fikziozko bost film luze aztertuz -'Mortu Nega' (1988), 'Udju azul di Yonta' (1992), 'Po di sangui' (1996), 'Nha fala' (2002) eta 'Republica di mininus' (2011)-, eszenaratzearekin, narrazioaren eraikuntzarekin, hautu estetiko eta tematikoekin eta Ginea-Bissauko historiak, memoriak eta tradizioak irudikatzeko moduekin lotutako gaiak landuko dira.

Flora Gomesen filmografiaren inguruko jardunaldia 'Mortu Nega' filmaren proiekzioarekin amaituko da. Publiko guztientzat irekia izango da, eta 18:30ean hasiko da. 'Mortu Nega' Gomesen fikziozko lehen film luzea da, eta nazioarteko aitortza ekarri zion.

Garrantzi historiko handia du, Ginea-Bissau independentean ekoitzitako fikziozko lehen film luzea izan baitzen -herrialdean egindako lehena izan ez bazen ere-. Independentziaren aldeko borroka eta gerraosteko urteetako zailtasunak ditu hizpide. Filma 4K formatuan zaharberritu dute The Film Foundation, World Cinema Project eta Fondazione Cineteca di Bologna erakundeek.

Bi jarduera horiez gain, Artium Museoak Afrikaldia Jaialdiaren amaiera gala hartuko du azaroaren 9an, 19:00etan. Dj LOGS arituko da bertan, eta sarrera doakoa izango da, toki mugatuarekin.

06/11/2026