Arabako Foru Aldundiak aitortza egin dio "Lan ta Lan" Arabako Gabonetako Artisautza Azokari, azken hogeita hamar urteotan artisauen lana sustatu, ikusarazi eta merkaturatzeko egin duen ekarpen nabarmenagatik. Aitortza hori 2026ko Blas Arratibel Artisautza Lehiaketako sari banaketaren ekitaldian egin da. "Lan ta lan", Artisau elkarteak antolatua, berriro irekiko ditu ateak abenduaren 4an, Probintzia plazan.
Ekitaldi honetan bertan ezagutarazi dituzte, halaber, Blas Arratibel Artisautza Lehiaketako 40. edizioaren irabazleak. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak urtero ematen duen sari honek Euskadiko eta Trebiñuko Konderriko artisautza lanik onenen aitortza egiten du. Hona hemen irabazleak: Unai Beltrán de Lubiano eta Loli Cordero. Saritutako lanak eta gainerako piezak Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egongo dira ikusgai abenduaren 7ra arte.
Mar Dabán Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak zuzendu du arratsalde honetan Kultura Etxean egin den sari banaketaren ekitaldia. Han artisauen lana goraipatu du; izan ere, haien eskutik bizirik irauten dute tokiko kulturak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ofizio tradizionalek. “Pieza bakar eta errepikaezin bakoitzean beren bizitzaren zati bat jartzen duten profesional hauen lana aitortu eta nabarmendu nahi dut”.
«Arabako herritarrei gonbita egin nahi diet gabon hauetan artisau lanak erosi eta oparitzera, gure artisauen lantegi eta dendak bisitatzera, eta, jakina, Lan ta Lan azoka ezagutzera, artisautza oparitzea bakarra, berezia eta desberdina den zerbait oparitzea baita. «Eta artisautza zaintzen dugunean, gure gizartea ere zaintzen dugu, gure nortasunari eusten diogu eta kalitatearen aldeko apustua egiten dugu», azaldu du.
Unai Beltrán izan da artisau izaera aitortua duten pertsonentzako A modalitateko irabazlea, Urki lanagatik. Haritzez eta intxaurrez eskuz landutako kulunka aulkia da, inolako metalezko piezarik gabe modu naturalean mihiztatua, eta etengabeko mugimendu horretan lasaitasuna eta oreka iradokitzen dituena. "Urki egurra, ahalegina eta lasaitasuna da. Pieza honekin, barealdia irudikatu nahi dut berehalakotasuneko eta presazko gizarte honetan", azaldu du ebanista honek.
Unai Beltránek bigarrenez lortu du sari hau; izan ere, 2025eko edizioan ere saritu zuten, B modalitatean.
Blas Arratibel Artisautza Lehiaketako epaimahaiak aho batez erabaki du Urki lanari A modalitateko saria ematea, "piezaren oreka bikainagatik, akabera zaindu eta ikusgarriagatik, kalitate handiko taila eta leunketa lanagatik, eta osorik egurrez egina egoteagatik, metalezko mihiztadurarik erabili gabe". Sari hau 3.625 eurokoa da.
"Lan ta lan" azoka
Loli Corderok B modalitateko saria jaso du, oraindik artisau izaera ofizialki aitortuta ez duten pertsonentzat gordetako kategorian, Gaua lanagatik: edertasun garbi eta xumea duen ontzi esmaltatu bat "Erronka handia izan zen, gauzatzeko ausardia handia eskatzen zuen pieza: Gaua, gau lasaia, sakona, misteriotsua. Esmaltea ere bat dator itxurazko soiltasun horrekin", azaldu du zeramikariak.
Lan honi dagokionez, epaimahaiak oraingoan ere aho batez erabaki du saria merezi duela, profesionaltasun handia erakusten duelako, barrualdeko patina landu eta zainduagatik bereziki, eta tamaina handikoa izan arren pieza bakarrean eginda dagoelako. Saria 1.625 eurokoa da.
Arabako Foru Aldundiak, Blas Arratibel sariak banatzeko ekitaldian, ‘Lan ta lan’ Gabonetako Artisautza Azokari eta hura antolatzen duen Artisau elkarteari aitortza egin die, azken hiru hamarkadotan lana sustatu, ikusarazi eta merkaturatzeko egin duen ekarpen nabarmenagatik. Mónica