Arabako Antzinako Musikaren Asteak aurten Antzinako Musikaren Europako Eguna ospatuko du eta 2026ko martxoaren 21ean Gasteizko Santa Maria Katedralean kontzertu berezi bat eskainiko du. Hitzordua Arabako Antzinako Musikaren Asteak antolatu du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin lankidetzan.
Salbuespen gisa, eta lehen aldiz, Arabako Antzinako Musikaren Astea ohiko datetatik aterako da, musika ondare historikoa zabaltzea helburu duen Europako jardunaldi honetan parte hartzeko. Ospakizuna bat dator Johann Sebastian Bachen jaiotzaren urteurrenarekin. Data hori Europa osoan baliatzen da antzinako musikari balioa emateko eta irizpide historizistekin interpretatzeko.
Musikeneko orkestrak emango du kontzertua eta Alfredo Bernardini oboe jotzaile eta antzinako musikan adituak zuzenduko du, interpretazio historikoaren arloan gehien nabarmentzen den figuretako bat.
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da, eta Estatuko erreferentziazko ikastegia izateaz gain, Europan prestakuntza mailako hezkuntza erreferente bat da; beraz, ohore handia da Arabako Antzinako Musikaren Astean parte hartzea.
Programak Europako Barrokoko hiru konpositore handiren obrak bilduko ditu: Georg Philipp Telemann, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händel. Interpretatuko dituzte Telemann-en bi tronpa eta orkestrarako fa maiorreko suitea, Bach-en “Ich habe genug” BWV 82 kantata eta Händel-en 1. suitea, Water Music ospetsua, fa maiorrean.
Kontzertuan, gainera, Hodei Yáñez baritonoak parte hartuko du, Bacheko kantatan bakarlari gisa, bai eta María Dolores Paloma eta Pedro Mullor tronpa jotzaileek ere, Telemannen obra interpretatuko baitute orkestrarekin batera.
Ekimenak Musikeneko ikasleak arte eta prestakuntza proiektu batean bilduko ditu, goi mailako irakaskuntzaren, 44 edizio betetzen dituen jaialdi ezagun honen eta gure ondarearen arteko lotura indartzen duen proiektu batean, alegia. Helburua da errepertorio barrokoaren aberastasuna entzuleei hurbiltzea, Santa Maria katedrala bezalako ondare ingurune berezi batean, hiriko espazio enblematikoenetako batean.
Alfredo Bernardini
Alfredo Bernardini Erroman jaio zen 1961ean, eta Herbehereetara joan zen 1981ean, oboe barrokoan eta antzinako musikan espezializatzeko. Bruce Haynes eta Ku Ebbinge maisuekin trebatu zen.
Bere ibilbidean zehar kontzertuak eskaini ditu ia Europa osoan, baita Estatu Batuetan, Japonian, Txinan, Israelen, Egipton, Hego Amerikan eta Australian ere, orkestra barroko ospetsuen kide edo bakarlari gonbidatu gisa. 1989an, Zefiro taldea sortu zuen, Paolo eta Alberto Grazzi anaiekin batera, eta talde horrekin kontzertu eta diskografia jarduera handia garatu du.
Ehun grabazio diskografiko baino gehiagotan parte hartu du, eta horietako batzuek nazioarteko sari garrantzitsuak irabazi dituzte, hala nola Cannes Classical Award, Choc de la Musique de l 'Année edo 2009ko Diapason d' Or.
Zefiroko zuzendari izateaz gain, Bernardini Europako, Israeleko, Australiako eta Kanadako orkestra barroko askoren zuzendari gonbidatua izan da, bai eta Europar Batasuneko Orkestra Barrokoarena ere. 2013ko urtarrilean, Venezuelako Orkestraren Sistema Nazionaleko lehen orkestra barrokoaren proiektuaren aholkulari eta zuzendari izan zen.
2016az geroztik, Theresia Gazteen Nazioarteko Orkestraren zuzendari titularra da, errepertorio klasikoan espezializatua. 2018. eta 2023. urteen artean, gainera, Johann Josef Fux egilearen obrak berreskuratzeko eta berriz estreinatzeko proiektu bat zuzendu zuen, Styriarte de Graz jaialdiak antolatua.
Haize instrumentuen historiari buruzko bere ikerketa nazioarteko hainbat aldizkari espezializatutan argitaratu da. Esparru pedagogikoan, Amsterdamgo Kontserbatorioko irakaslea izan zen 1992 eta 2015 artean, eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea 2002 eta 2009 artean. 2014tik irakasle da Salzburgoko Mozarteum Unibertsitatean.
Programa
Georg Philipp Telemann – Suite fa maiorrean bi tronpa eta orkestrarako, TWV 44:7
Johann Sebastian Bach – "Ich habe genug" kantata BWV 82
Georg Friedrich Händel – 1 suitea fa maiorrean, Water Music, HWV 348.
Data: 2026ko martxoaren 21a, 19:00etan.
Lekua: Santa Maria katedrala, Vitoria-Gasteiz
Antzinako Musikaren Astea
Arabako Antzinako Musikaren Astearen 4. ekitaldia irailaren 11tik 20ra bitartean egingo da
Kartela La Debaclek diseinatu du. Kartela Musika Astearen irudiari freskotasuna ematen dion serie baten seigarrena da, pertsona bat protagonista duena antzinako musika tresna edo partiturekin. Saiatu da "antzinako" hitzarekin batera doazen estereotipoak hausten, eta kolore biziekin freskotasuna ematen. 2021ean hasi zen seriea, eta aurten lehen aldiz 2 pertsona agertzen dira kartelean.