Arabako Foru Aldundiak 279.000 euro baino gehiago banatu ditu laguntzetan lurraldeko 138 saltokiren artean, hobekuntza teknologikoko eta online salmentako proiektuak garatzeko, lokala eta ekipamendua modernizatzeko eta irisgarritasun obrak egiteko. Laguntza ekonomikoek establezimenduen publizitate eta sustapen ekintzak ere finantzatuko dituzte.
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Felipe Garcia arloko zuzendariak prentsaurrekoa eman dute astelehen honetan tokiko merkataritzarako bi laguntza lerro nagusien ebazpenaren berri emateko. Araban 11.000 pertsonari lana ematen dien sektorearen lehiakortasuna bultzatzea dute helburu laguntzok.
Horrela, foru arduradunek jakinarazi dutenez, lehenengo laguntza deialdiak inbertsio proiektuak finantzatu ditu eta 130 saltokiri lagunduko die 218.300 eurorekin. Programak bi esku hartze mota finantzatuko ditu: alde batetik, finantzatutako inbertsio proiektuen %43 negozioak digitalizatu ahal izateko sistemak hobetzearekin lotuta dago, baita lineako salmenta sustatzearekin ere, eta, bestetik, gainerako %57 lokalen ekipamendua eta irisgarritasuna hobetzeko proiektuentzako da. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen inbertsioaren %50 da, eta saltoki bakoitzeko muga 4.500 euro.
Deialdiaren oinarriek lehentasuna ematen diete Arabako udalerri txiki eta ertainetan dauden saltokiei, eta, bereziki, 500 biztanletik beherakoei, Arabako landa eremuko merkataritzari lehentasuna emateko. "Gure herrietako tokiko merkataritza funtsezko zerbitzua da, eta laguntza horiek lurraldeko bazter guztietara iristea bermatzen du irizpide horrek", azaldu du Gonzalezek.
Horrela, eta onuradunen %68 Gasteizen badaude ere -hiriburuak sektorearen %80 baino gehiago biltzen du-, zati handi bat herri txikiagoetan dago, hala nola Amurrio, Laudio, Agurain, Alegria-Dulantzi, Aramaio, Artziniega, Elciego, Espejo, Iruña Oka, Laguardia, Legutio, Maeztu, Okondo, Santikurutze Kanpezu, Gaubea edo Zigoitian.
Horrez gain, Cristina Gonzalezek jakinarazi du 60.000 euro baino gehiagoko bigarren laguntza lerro bat ebatzi dela, saltokiak sustatzeko eta dinamizatzeko ekintzak finantzatzeko. Ekintza horien artean daude, besteak beste, komunikabideetako eta sare sozialetako publizitatea, bezeroak fidelizatzeko aplikazioak diseinatzea, eta web orriak eta SEO posizionamendua optimizatzea.
Zuzeneko laguntzen bigarren lerroak 51 saltokiri lagunduko die, eta, inbertsiorako laguntzen deialdiarekin gertatzen den bezala, onuradunak Gasteizen nahiz lurraldeko gainerako eskualde eta udalerrietan daude: Amurrio, Laudio, Alegria-Dulantzi, Luiando, Agurain edo Zurbao.
Guztira, bi deialdien bidez, Arabako 138 saltegik jasoko dituzte laguntzak bi laguntza lerro horietatik (negozio asko bi diru laguntza lerroen onuradun dira).