Araba

Aiala Lucero Ibisatek irabazi du 2026ko Arabako Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

Lehiaketara 29 parte hartzaile aurkeztu dira
Aiala Lucero Ibisatek irabazi du 2026ko Arabako Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. / Utzitakoa

Gasteizen bizi den Aiala Lucero Ibisate diseinatzaile grafikoak irabazi du 2026. urteko Arabako jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko antolatutako lehiaketa, 'Erroak eta Poza: Arabako Jaiak 2026' izenburuko lanarekin.

Horrela iragarri du astelehen honetan Ana del Val, Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, irabazlea bera bertan zegoela. "Lehiaketa arrakastatsua izan da ereduagatik, parte hartzaile kopuruagatik eta lan finalisten kalitateagatik", nabarmendu du Del Valek.

Lehiaketara 29 parte hartzaile aurkeztu dira: 18 emakume eta 11 gizon. Jatorriari dagokionez, 13 arabarrak izan dira, bederatzi Euskal Herriko beste lurralde batzuetakoak eta zazpi Espainiako Estatukoak.

Bada, Maite Gurrutxaga Otamendi, Janire Orduna Diaz, Aitziber Raya Puertas, Ania Lucero Ibisate, Aiala Lucero Ibisate, Maite Gurrutxaga Otamendi eta Andrea Decorlati finalisten artetik, epaimahaiak erabaki du Aiala Lucero Ibisateren 'Erroak eta Poza: Arabako Jaiak 2026' kartela izendatzea irabazle. Finalista bakoitzak 350 euro jasoko ditu bere lanagatik, eta irabazleak beste 1.400 euro.

Kartel irabazlea eskuzko bozeto estiloan inspiratuta dago, eta Arabako Jaien izatea islatzen du: hurbilak, xumeak eta tradizioz beteak. Trazu bakoitzak Arabako herrien eta bertako jendearen espiritua jasotzen du, ospakizunaren pozak batuta.

Aiala Lucero Ibisate diseinatzaile grafikoa da, eta Gasteizen bizi da. Bere ibilbidean zehar, profil anitza garatu du, eta horri esker diseinuaren ikuspegi zabal eta moldakorra lortu du, nortasun bisualean, eduki sorkuntzan eta argazkigintzan dituen trebetasunak indartuz. 2018an, BIGA Avant Wear proiektua bultzatu zuen, bere ahizpa Ania Lucero Ibisitarekin batera sortutako arropa jasangarriaren marka.

Bere lanik berrienak ehungintzan oinarritzen dira, eta arlo horretan batzen ditu bere interes nagusiak: haur moda eta diseinua, betiere sorkuntzarako bokazio argia eta proiektu berrietara irekia mantenduz.

Bestalde, Aitziber Raya Puertas bizkaitarrak irabazi du duela hiru abiarazitako gazteen kategoriako kartel lehiaketa, 'Lurra esnatzen' lanarekin. EHUko Sorkuntza eta Diseinuko graduko ikaslea da, eta txikitatik marrazteko eta istorioak sortzeko interesa erakutsi du.

Bere kartelean, jaietako elementu adierazgarrienetako batzuk ikuspegi natural batetik islatu ditu, informazioa konposizioaren erdigunean jarriz eta diseinatu duen ikus-ingurunearekin integratuz. Kategoriaaren irabazle zenez, bere hautagaitza zuzenean finalista bihurtu zen kategoria orokorrean.

05/04/2026