Araba

Adinekoei arreta ematen aditua den nazioarteko ordezkaritza teknikoak BIZAN bisitatu du bertako parte-hartze eredua ezagutzeko

Adinekoei arreta ematen aditua den nazioarteko ordezkaritza teknikoak BIZAN bisitatu du bertako parte-hartze eredua ezagutzeko. / Utzitakoa

Donostia Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Kongresuaren egoitza izaten ari da aste honetan. Egunotan, BIZANeko teknikariek hainbat esperientzia arrakastatsutan parte hartu eta halakoak azaldu dituzte. Gaur, adinekoei emandako arretan aditua den nazioarteko ordezkaritza bat Vitoria-Gasteizen izan da, udal-sarearen parte-hartze eredua bertatik bertara ezagutzeko. Euskadiko hiriburua hiri lagunkoien munduko sarearen parte da 2011z geroztik.

BIZAN Koroatzera egindako bisitaren helburua Euskadi Lagunkoia Sarearen barruko udal-esperientzia bat ezagutzea izan da. Horri esker, ezagutzak truka daitezke, jardunbide egokiak ezagutarazi eta ikuspegi berritzaileak sustatu, herritarren lidergoan, belaunaldien arteko harremanean, adinkeriaren aurkako borrokan eta abarretan oinarrituta.

BIZAN zentro bat ezagutzeko egindako bisitaren helburua bertako parte-hartze ereduaren berri izatea izan da. Hala, udal-sareko teknikariek zein ‘Piztu zure auzoa’ programan eta BIZAN zentroak antolatzeko jarduera batzordeetan parte hartzen duten adinekoek eman dituzte azalpenak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere parte hartu dute. Eusko Jaurlaritza da, hain zuzen ere, Kongresuaren antolatzailea Imsersorekin batera.

Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok “Mundu Kongresuak adinekoak bizitza komunitarioaren erdigunean jartzen dituen esperientzia finkatu gisa BIZANi eman dion garrantzia” nabarmendu du. “Ordezkaritzak zentro horien eraldaketa-prozesua ezagutu ahal izan du, izan ere, adinekoek parte hartzeaz gain, erabakiak hartu eta ekimenak gidatzen dituzten ikuspegirantz eboluzionatu dute, batzordeetan oinarritutako ereduaren bidez. Onena da ikuspegi hori eguneroko dinamika erreal bihurtzen dela gero”. Era berean, ‘Piztu zure auzoa’ programa aurkeztu diete. Programa horietan, adinekoek beren ingurunean hautemandako beharrei erantzuten dieten ekintzak bultzatzen dituzte. Hori guztia Gizarte Politiken Sailak garatzen duen zaintza-sistemaren barruan egin da. Horren gakoa autonomia, parte-hartzea eta ongizatea sustatzea da.

Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) babestutako nazioarteko kongresuan, mundu osoko gobernu, erakunde eta gizarte-erakundetako ordezkariak eta adituak bildu dira egunotan, adinekoentzako komunitate lagunkoiagoak sortzen lagunduko duten ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko. Testuinguru horretan, udal-teknikariek, Sirimiri enpresako langileek eta adineko batek Gasteiz zigilua duten hiru ekimen aurkeztu dituzte foroan:

  • ‘Piztu zure auzoa’ programa
  • Aurten abian jarritako LGTBIQA+ adinekoen taldea
  • BIZANen sare sozialak adinkeriari aurre egiteko tresna gisa.
22/06/2026